Adingabeei ustez sexu-erasoak egitea leporatuta gizon bi atxilotu dituzte Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ertzaintzaren artxibotik
Azaroan lehenengoa eta gaur, eguaztena, bigarren pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak Galdakaon, adingabeei sexu-erasoak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Ertzaintzak emandako xehetasunak ondoko albistean batu ditu BINKEk.
Adingabeei sexu-erasoak egitea eta adingabeen intimitatearen aurkako delituak leporatuta, 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Galdakaon. Lehena azaroan atxilotu zuten, eta bigarrena eguazten honetan. Galdakaon bizi dira atxilotu biak.
«Atxilotuek, dirudienez, opariak eskaintzen zizkieten biktimei sexu-harremanak izatearen truke», adierazi du Ertzaintzak ohar bidez. Iazko otsailean hasi omen ziren jazarpen horiek, eta egindako ikerketen ondorioz, poliziak jakin ahal izan zuen biktimek —guztiak adingabeak— sexu-harremanak izan zituztela bi gizon horiekin, eta horren truke opariak ere jaso zituztela.
Gainera, Ertzaintzak zehaztu duenaren arabera, «batzuetan biktimak ustez bi inplikatuen arteko eta bi inplikatuek beste adingabe batzuekin izandako sexu-topaketak ikustera behartu zituzten, eta batzuetan sexu-harreman horiek grabatu ere egiten zituzten».
‘Musikari’ operazioa deitu diote ikerketari eta horren ondorioz egindako atxiloketa biei, eta ertzainek uste dute biktima zein gaizkile gehiago egon daitezkela kasu honen barnean.
Iazko otsailean hasi omen ziren sexu-jazarpenak. Lehenengo atxilotua Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zuten azaroan, eta bertan biktimengandik urruntzeko agindu judiziala ezarri zioten. Bigarren atxilotua gaur bertan eraman dute Bilboko Guardiako Epaitegira.
Atxilotuei material informatikoa eta gailu elektronikoak konfiskatu dizkiete, eta horiek aztertzen ari da orain Ertzaintza. Operazioak zabalik jarraitzen du.