«Aita, semea eta astoa», Antton Irusta
Autu-mautuan
Antton Irusta Zamalloa
BINKE / 2023ko ekaina
Aita batek, seme txikia eta astoa lagun zituela, lau herri zeharkatu behar izaten zituen astero. Egun batean, semea astoaren gainean zihoan, eta aita, astoaren ondoan oinez, lehen herritik igarotzen zen.
Auzokide ugarik jakin-minez begiratzen zioten. Behin herriko plaza nagusia gaindituz gero, auzotarrak garrazki hasi ziren kritikatzen:
-Hamaika ikustekoak jaioak gara! Semea indartsua eta sendoa, astoaren gainean, eta aita gizajoa, berriz, zaharragoa, oinez! Zer lotsa gutxi!
Aitak semea konbentzitu zuen bigarren herrian bera jarrita joan zedin astoaren gainean. Herritik atera eta bigarren herrira heldu ziren, agure batekin gurutzatuz. Hura hasieran harrituta gelditu zen aita astoaren gainean, eta semea oinez ikusi zituenean. Baina laster esan zuen ozen:
-Hau da hau, lotsagabekeria gutxi! Ume gaixoa oinez, eta aita astoaren gainean, hain pozik!
Hainbeste kritika ez jasotzeko asmoz, aita-semeek erabaki zuten astoaren bizkarrean igoko zirela biak.
Hirugarren herrira iristeko gutxi falta zela, herritar batek geldiarazi, eta esan zien:
-Nola liteke animaliarekiko hain begirune gutxi izatea, biak lasai asko goian eroso eserita, eta asto gaixoa erorita, leher eginda!
Oinez egin zuten falta zitzaien bidea, astoa ondoan daramatela. Laugarren herrira iritsi zirenean, pertsona talde bat irrika eta barreka agertu zitzaien:
-Tentelak izango dira, gero! Zertarako nahi dute astoa, biak oinez eta astoa nahi bezala mugitzen. Astoa izan, eta biok oinez… Halakorik! Hamaika gauza ikusteko jaioak gara!