Alvaro Ruiz, gazte inplikatua
BINKE / 2020ko uztaila

«Harrapatu egiten zaituen taldea da Oinarin, familia baten parekoa»

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo

Herriko dinamiketan inplikatuta dagoen usansolotar gutxi egongo da herrian, hilabeteko protagonista ezagutzen ez duenik. Elkarrizketa egiteko orduan ere, Usansolotik berarekin paseoan gazte guztiek agurtzen dute Alvaro Ruiz. Eta ez da gutxiagorako, gaztea bada ere, herriko lau taldetan buru-belarri dabilelako, gaztetasunak dakartzan parrandei izkin egin gabe beti.

Nork ez zaitu ezagutzen Usansolon? Usansolon jende askok ez nau ezagutzen, egia da talde kultural eta kirol taldeetan ibiltzen diren askok ezagutzen nautela baina orokorrean oharkabean pasatzen saiatzen naiz. Egia da Usansolo Eskupilota Taldean, Oinarin Dantza Taldean, Lamintxu Gazte Asanbladan eta UHn nabilenez jende askorekin harremana dudala egunero, baina bestela ez.

Nondik datorkizu hamaika saltsatan egoteko indarra? Ez dakit, egia esan! Txikitan oso ume lotsatia nintzen, baina oso kuxkuxeroa! (barreka) Duela lau urte konturatu nintzen Usansolon ospatzen diren ekitaldiak, jaiak eta ospakizun desberdinak ez zirela bakarrik antolatzen. Orduan, lan egiteko txanda iritsi eta aurrekoei ordezkoa emateko ordua heldu zitzaidala konturatu nintzen. Eta horretan gazteok aurrera pausu bat eman behar dugu gure etorkizuna eraikitzeko, oso erraza delako besteak egiten dutena kritikatzea, konponbiderik eman gabe.

Zoritxarrez ez da ohikoa gazte bat herrian hainbeste lan militante egiten ikustea. Zer diote zure ingurukoek? Askok esaten didate ia nondik ateratzen dudan hainbeste gauza egiteko denbora, edo nire egunek 28 ordu dituzten… Nire erantzuna beti berdina da: egunek 24 ordu dituzte eta aprobetxatuz gero gauza asko egiteko baliogarriak dira, ikasteko, familiarekin egoteko, lagunekin egoteko, kirola egiteko, tragoak hartzeko,… Bakoitzaren lehentasunetan dago gakoa.

Zelan hartu duzu konfinamendu garaia? Atseden hartzeko balio izan dizu? Konfinamendua uste nuena baino hobeto jasan dut, lehenengo asteak nahiko gogorrak izan ziren, baina apurka-apurka burua eta gorputza eguneroko berrira egokitu ditut. Eta bide batez, ikasteko, familiarekin egoteko eta atseden hartzeko baliatu dut konfinamendua.

Kontatuiguzu, zein da zure egunerokotasuna normaltasunean? Nire egunerokotasuna nahiko «normala» dela esango nuke. Aste barruan, goizero unibertsitatera joaten naiz eta arratsaldeetan berriz, eskupilotako entrenamenduak, dantzako entseguak eta UHko batzarrak ditut, batez ere.

Lorik egiteko tarterik ere baduzu? Bai gizona! Zelan ez dut ba lorik egingo! (barreka) Lo egiteko denbora beti egon behar da, bestela gorputzak ez du funtzionatzen. Batzuetan lo gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina ez naiz kexatzen… lo gutxiago egiten dudan horietan lagunekin poteoan ibiltzeagatik ere izaten da-eta! (barreka)

Goazen puntuz puntu: eskupilotan ari zara, baina jokatzen jarraitzen duzu? Bai pilotari zein entrenatzaile nabil, bai. Eskupilotan duela 12 urte inguru hasi nintzen eta orain nagusi mailan jokatzen dut. Garrantzia handiko kirola da niretzat eskupilota, eta ederra gainera!

Eta zenbateko garrantzia du herrian Patri Espinar bezalako pilotariak eredu izatea? Patri Espinar eskupilotako erreferentea da pilotari guztiontzako, baina are gehiago niretzako. Nire entrenatzailea izan zen denboraldi batez eta oso kirolari xumea eta kementsua dela iruditzen zait. Horregatik, eta mundu mailan irabazitakoagatik zein Usansoloren izena herritik kanpo eramateagatik iruditzen zait eredu, eta guretzako garrantzia handikoa da hori.

Futbolak indar handia du Usansolon (ere), inoiz ez duzu futbolean aritzeko tentaziorik izan? Bai! (barreka) Txikitan futbolean aritu nintzen, Unkina taldean! Eta ez nintzen txarto moldatzen eh! (barreka) Defentza jokatzen nuen eta hasi nintzen lehenengo urtean Bizkaiko liga irabazi genuen. Baina orain futbola nire bizitzatik kanpo dagoen kirola da, nahiz eta batzuetan Athleticken partiduak ikustea gustatzen zaidan… Askori moduan, zer esan!

Baina hori bakarrik ez, dantzan ere zabiltzala kontatu digute, Oinarinen. Noiz hasi zinen? Oinarinen orain 10 urte hasi nintzen, Aitor eta Unai lagunekin batera. Denborarekin taldea utzi zuten eurek eta lagunen artetik bertan jarraitzen dudan bakarra ni naiz.

Horretan ere fin, seguru! Gogoratzen dut txikitan euskal dantzak ez nituela oso gogoko, baina dantzak ikasiz eta euskal folklorea eta tradizioa ulertuz gozatzen hasi nintzen. Oinarinen hasi nintzen nire amak bertan sartu ninduelako, hasieran nahiko traketsa nintzen baina denborarekin eta entseguekin zertxobait hobetu nuela esango nuke, orain behintzat nagusien taldean nabil!

Zer ematen dizu Oinarinek? Oinarinek ematen didana ezin daiteke hitzekin azaldu, Oinarin ez da bakarrik euskal dantzen talde bat, Oinarinen gaudenok familia bat osotzen dugu, bertako kide guztiok elkar ezagutzen dugulako eta albokoen arazoak ezagutzen ditugulako. Gehiago esango dut, «harrapatu» egiten zaituen taldea da Oinarin: pertsona eta herri berriak ezagutzeko aukera ematen du, gure kulturatik edateko aukera, jai eta ospakizun ederrak bizitzeko planak ematen dizkizu… 

Atzerria ezagutzeko aukera ere emango dizu, ezta? Azken boladan ez dira lehen egiten ziren bidaiak antolatzen Euskal Herritik kanpo. Oinarinek atzerrira bidaia nahikotxo egin ditu, baina ni talde nagusian nagoenetik ez dut atzerria ezagutzeko aukerarik izan. Hori bai, Euskal Herritik ibili izan gara urtero, Ziburun, Hasparren, Iruñean, Gasteizen,… Bidaia ederrak dira!

Zanpantzarren taldearekin ere asko bidaiatuko duzue, ezta? Oinarineko zanpantzarren taldean egotea pribilegio handia da, bertan bizitakoak asko merezi duelako. Euskal Herriko herri askotan egon gara Usansoloko zanpantzarrak!

Zanpantzarrek bultzada handia ematen al diote dantza taldeari? Zanpantzarren talde bat dantza talde batean izatea oso berezia eta positiboa da, zanpantzarren talde gutxi daudelako eta dauden askok ez dutelako dantza talde batekin lotura zuzenik. Horretaz aparte, beste herri batzuetara goazenean ez dugu esaten «Oinarineko zanpantzarrak» garenik, «Usansoloko zanpantzarrak» baizik. Horrela, Oinarinen izena zabaltzea dantzariei egokitzen zaie eta zanpantzarrei berriz herriaren beraren izena zabaltzea. Hala ere, eta zure galderari erantzunez, zanpantzarrek Oinarini bultzada handia eman arren, Oinarineko benetako protagonistak dantzariak dira, ez zanpantzarrak.

Eta bultzada emateaz ari garela, zelan ikusten duzu dantza taldearen etorkizuna? Oinarinek momentu honetan indar handia du. Taldean 55 ume inguru ditugu eta talde nagusian 30 lagun inguru gabiltza. Urtero hainbat ume berri ere sartzen da dantza taldean eta espero dugu horrela jarraitzea, euskal kultura sustatzen jarraitu ahal izateko. Usansolo bezalako herri batean 55 gaztetxo, 30 kide nagusi eta euren artean 10 monitore egonda, uste dut Oinarinek baduela etorkizun oparoa!

Eskupilota eta dantza gutxi ez, eta Lamintxun ere bazabiltza! Lamintxun orain bi urte hasi nintzen, dantza taldeko hainbat lagun bertan dabiltzalako eta bertan egiten diren ekintzak gogoko nituelako. Gustura nabil bertan, herriko gazte batzuek sortutako taldea delako eta urtero hainbat ekintza antolatzen ditugulako herrian, esate baterako, Usansoloko jaietan kuadrilen jaitsiera eta Gazte Eguna.

Aurten baina, Gazte Egunik ez… Aurten tamalez ezin izan dugu antolatu. Baina horrek ez du esan nahi ez dugunik ospatu! Zapia lepoan eta tragoa eskuan izanda balkoietatik ospatu genuen Usansoloko Gazte Eguna, partaidetza handiz gainera!

Zelako harremana duzue Galdakaoko Udalarekin? Galdakaoko Udalarekin dugun harremana nahiko eskasa da, egia esan, eta eskasia hori lau kilometroko distantziara gaudelako gertatzen dela uste dut. Esperientzia propioz ere esan dezaket, Galdakaoko udaletxera deitzen dugun bakoitzean edozein informazio eskatzeko, arazoak eta trabak baina ez ditugu jasotzen.

Adibiderik jartzerik bai? Aurreko batean, esaterako, frontoian egin beharreko obra batzuei buruz galdetzeko deitu nuen, eta udaletxeko langile batekin hitz egin eta beste batekin hitz egin behar nuela esan zidan, gero besteak esan zidan beste batekin hitz egin behar nuela eta beste batek beste batekin… Inork ez daki Usansoloren inguruko ezer. Azkenean, etsita telefonoa eskegi nuen…

Udala aipatuta, bertan Usansolo Herriak bi ordezkari ditu eta zu UHren zerrendan joan zinen. Zerk eraman zion mutil hain gazte bati bertan inplikatzera? Bost urte inguru izango dira, nire kabuz, Usansoloko prozesuaren informazioa komunikabideetan bilatzen hasi nintzenetik. Horrela ulertu nuen UH bezalako talde politiko batek zer dakarren. Eta horregatik, UHko partaide batek zerrendan joateko aukera eskaini zidanean, jarraian baietz esan nion, Usansolo bezalako herri batengatik lan egitea merezi duelako, usansolotar sentimendua ideologia guztien gainetik dagoelako… eta horretaz aparte, UHk usansolotar guztion interesak defendatzeaz gain, talde hau delako desanexioa posible egingo duena.

Noiz amaituko da UHren ibilbidea? Nire buruari askotan egin diodan galdera da hauxe. UHren ibilbidea amaituko da usansolotarrok gure etorkizunaz erabakitzen dugunean. Aurten Galdakaoko gobernu taldean gaude eta prozesua bi urtetan martxan jarriz gero, usansolotarrok nahi badugu eta egin behar diren ikerketak onuragarriak badira, baliteke Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bilakatzea. Orduantxe uste dut amaituko litzatekeela. •