Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleek CyberLehia txapelketako finalean parte hartu zuten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andra Mari LHII
Eguenean, maiatzak 9, aurten lehen aldiz antolatutako CyberLehia FP Euskadi txapelketaren finala hartu zuen Zorrozaurreko La Terminal guneak. Honetan Lanbide Heziketako bost ikastetxek parte hartu zuten, tartean Andra Mari LHII galdakoztarrak.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lehen aldiz antolatu du aurten CyberLehia FP Euskadi txapelketa. Duela bi hilabete hasi zen zibersegurtasunaren inguruko lehiaketa hau eta Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketak agiten ari diren ikasleek parte hartu dute.
Eguenean, maiatzak 9, txapelketaren finala izan zen Zorrozaurreko La Terminal gunean eta honetan bost ikastetxek parte hartu zuen, bakoitza hiru ikaslez osatua, tartean Andra Mari LHII galdakoztarra, ‘Freewall’ izenpean.
Eraso eta defentsako CTF izeneko erronka-modalitatean garatu da lehiaketa hau (CFT, Capture The Flag ingelesezko akronimoa, Harrapatu bandera euskaraz). Finalean talde bakoitzaren helburua aurkarien bandera edo kodea harrapatzea izan zen eta helburu bikoitza zuten: talde aurkarien azpiegiturei eraso egin eta, aldi berean, aurkarien erasoetatik eurena defendatu. Horrela, ikasleek zibersegurtasun eta hacking arloetan dituzten ezagutzak eta trebetasunak proban jarri zituzten.
Erandioko Tartanga Ikastetxeko taldea izan zen finalaren garailea. Bigarren eta hirugarren postuak aldiz, Maristak Durango LHII-ko bi taldeek lortu zituzten.
Jardunaldiak 200 pertsona inguru bildu zituen La Terminal espazioan, gehien bat zibersegurtasunarekin lotutako ikasketak egiten ari diren Lanbide Heziketako ikasleak, irakasleak edo sektore horretako enpresa eta erakundeetako arduradunak.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea izan ziren ekitaldia irekitzeko arduradunak. Javier Dieguez Cyberzaintza Zibersegurtasuneko Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak ere parte hartu zuen jardunaldiaren hasieran.