Asisko Urmeneta: «Herri kolonizatu honetan Agosti Xahoren diskurtsoak emantzipazioa dakar»
Asisko Urmeneta, ilustratzailea
BINKE / 2018ko abendua
«Herri kolonizatu honetan Agosti Xahoren diskurtsoak emantzipazioa dakar»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Asisko Urmeneta (1965, Iruñea) ilustratzailearen Aztihitza liburu berriaren eta Agosti Xaho «heroi nazionalaren» pasarteak entzuten orduak emango lituzkete azaroaren 22an Gandasegiko areto nagusira hurbildu zirenek.
Eta ez da gutxiagorako, istorioak marraztu eta kontatzeko duen grinak harrapatu egiten duelako edonor. Orreaga Iritzi Taldeak bere hitzaldi zikloaren baitan gonbidatuta etorri zen Galdakaora, eta ostean Binkerekin izandako berbaldi luzearen laburpena da hurrengoa.
Nor zen Agosti Xaho? Xaho 1811. urtean sortu zen zuberotar bat zen, heroi nazional bat euskaldunontzako. Politikaria izan zen, euskaltzale amorratua, feminista, ziurrenik homosexuala… Gizon modernoa zen orduko garairako, eta gaur egun ere askorentzat modernoegia izango litzateke!
Heroi nazionaltzat hartu duzu, zergatik? Garai hartan dagoeneko euskaldunok pairatzen genuen ukazio eta zapalkuntza salatzen zuen nazioartean, lehena izan zen Euskal Herri osoa mapa bakarrean islatzen —1835. urtean—, gure sistema propioak aldarrikatzen zituen —hala nola, erakunde, hezkuntza, ekonomia eta osasungintza soberanoa—, ukatu egiten zien alboko inperioei gu agintzeko zilegitasuna… Sinestezina dirudi Agosti Xahoren garaian Euskal Herriaren independentzia hain gertu izan izana.
Askok euskal nazionalismoaren aitzindari izan zela dio, Sabino Aranaren aurretik. Baina orduan zergatik ez zen hain ezaguna izan? Sabino Arana zein Agosti Xahoren ekarpenak oso garrantzitsuak egin zaizkigu historian zehar eta oso gazte hil ziren biak. Baina Xaho oso pertsona jantzia, antiklerikala, errepublika zalea, gorria eta iraultzailea zen. Apaizen umezurztegietan esklabutza sexuala salatu zuen, emakumeen eskubideen alde ere egin zuen, Euskal Herriaren independentziaren oinarriak ezarri zituen… Ulertzen duzu orain zergatik ez zuten Xaho ezagun egin? Herri kolonizatu honetan Xahoren diskurtsoak emantzipazioa dakarrela uste dudalako.
Aztihitza liburuan aldiz bera duzu protagonista. Baina bere bizitzako zein pasarte kontatu gura izan duzu? Hamasei urte nituela Xahoren «Nafarroara bidaia» liburua irakurri nuen, eta markatu egin ninduen erabat. Orduan gure etxean sekula kontatu ez diguten historia deskubritzen hasi nintzen, eta garai horretan dagoeneko hain diskurtso independentista irakurtzeak harritu eta poztu egin ninduen. Horrela ba, irakurri nuen bidaia horretan oinarrituta egin dut Aztihitza liburua: Lehen Karlistaldian Baionatik Lekunberrira arte egin zuen ibilbidean.
Zein zen bere asmoa ba? Gerra amaitu ostean «euskal kausa» kontatu nahi zion munduari, baina Espainiako erregegai zenak bota egin zuen, bere ideologiagatik. Horregatik ezin izan zuen bere eginkizuna bete, eta nire asmoa hain zuzen bere ibilbidea ikertzea eta kontatzea izan da, erreferente berria sortzeko asmoz.
Ordea, egungo gazte zuberotarrak izan dituzu gogoan liburua idazterako orduan. Zergatik? Xaho bera zuberotarra zelako, Atharratzekoa. Eta bertan dago bizkaitar batzuek erosi eta herriari eskaini zioten Xahoren etxea. Etxe hori, gaur egun, herriko kultur ekintzetarako erabiltzen dute eta gazte piloa daude bertan inplikatuta. Horregatik euren herriko pertsonaia inportante baten berri eman nahi nien, eta euren erantzuna zein proiektuarekiko inplikazioa zoragarria izan zenez, eurei eskaini gura izan diet liburua.
Zelan ikusten duzu Zuberoaren egoera gaur egun? Begira, Zuberoaren errealitatea kontatzeko pasartetxo bat kontatu nahi dizut. Aurreko erantzunean aipatu dizudan Xahoren etxean bertan egin genuen Aztihitza liburuaren aurkezpenera jende asko etorri zen, Euskal Herri guztitik. Horietako lagun askok Zuberoan bertan pasa nahi zuten gaua, eta nik bertako landetxe batzuekin jarri nituen kontaktuan, turismoaz bizi diren horiekin. Asteburua pasata, landetxe horietako jabe euskaldun zuberotar askok euren berri Hego Euskal Herriko jendeari ere ematea eskatu zidaten, Zuberoara turismo egitera frantsesak baino ez direla joaten kexatuz, eta eurek euskaldunak ere nahi dituztela. Beraz horrela dago Zuberoa: gainontzeko Euskal Herriko lurraldeok abandonatuta. •