«Auto berria», Begoñe Basagoiti
Begoñe Basagoiti Barrena
BINKE / 2017ko azaroa
Auto berria
Duela gutxi, auto berri bat erostea erabaki nuen. Larunbat goizean, nebarekin kontzesionario ibilbidea. Lehenengoan, saltzaileak nebari: «Zer zabiltza bilatzen?»; neuk: «Aupa… bezeroa neu naiz…». Bigarrenean, saltzaileak niri, autoa niretzat zela argitu eta gero: «Etxeko bigarren autoa izango bada, seme-alabak atzera eta aurrera eramateko, modelo hau gomendatzen dizut». Ene bada! Berriro ere! Neuk: «Nire auto bakarra izango da». Hirugarrenean, ordenagailuan autoaren ezaugarriak —koloreak, ate-kopurua…— erakusten zizkidan bitartean, neba kanpoan zegoela dei bat egiten: «Ezaugarri teknikoak azaltzeko, hobe berari itxaroten badiogu, ezta?». Harrigarria!
Hiru orduko epean, hiru mikromatxismo. Saltzaileak, hirurak mutilak. Gazteak. Zer irakatsi ote diegu? Bide luzea egin dugu, baina luzeagoa da aurretik daukaguna: etxean, lagun artean, eskolan, kalean. Edonon eta leku guztietan. Edonoiz eta beti.
Oraindik beharrezkoa da Administrazioaren lana. Adibidez, Galdakaoko Udalak prestatutako egitaraua azaroaren 25aren inguruan. Noiz arte? Gure esku. Zenbat eta jende gehiago inplikatu eraldaketan, hainbat eta denbora gutxiago berdintasunaren helburua lortzeko.
Laguntzen jarraitzeko prest?