Bekeako sarrera konpontzeko URArekin eta Foru Aldundiarekin batuko da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Kamioi batek pertsona bat harrapatu zuen pasa den astean Bekeako zubian eta honen harira, «bide arriskutsua» dela salatu zuten auzokideek. Honen aurrean, Bekeako sarrera konpontzeko Uraren Euskal Agentziarekin eta Aldundiarekin batzarrak izango dituela iragarri du Galdakaoko Udalak.
Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian abenduaren 10ean eta honen harira, «bide arriskutsua» dela salatu zuten auzokideek. BINKEk jaso zuen moduan, urteak daramate Bekeako sarrerarako konponbide bat eskatzen.
Honi erantzun nahian, prozesua azkartzeko asmoz, Uraren Euskal Agentziarekin eta Aldundiarekin batzarrak izango dituela iragarri du Galdakaoko Udalak. «Zubi berri bat eraikitzeko eta biribilgunea egiteko proiektu bana eginak ditugu, baina zubia eraikitzeko ezinbestean behar da URAren babesa, eta N-634 errepideari eragiten dion edozein proiektu garatzeko, Aldundiarena», adierazi dute Udaletik.
«Obra handia da egin beharrekoa eta baimen diferenteek baldintzatzen dute. Behin betiko proiektua onartua izandakoan ere, aurreikusi daiteke denbora asko beharko direla behin betiko sarbide berria eraikita egon arte», azpimarratu dute.
URArekin asteazkenean batuko dira Udal ordezkariak, eta Foru Aldundiarekin aldiz urtarrilaren 9an. Behin betiko proiektua gauzatu bitartean, oinezkoentzako behin behineko pasabidea eraikitzea proposatuko du Udalak, «Bekeako auzokideen segurtasuna bermatzeko».
Era berean, «kamioien joan etorria mugatu egingo dugu behin behineko zubi hori jarri bitartean. Kamioiek ordutegi zehatz batean soilik pasatu ahalko dute zubitik eta seinalizazioa hobetu ere egingo da, oinezkoei arriskuaz ohartarazteko», azaldu du Galdakaoko Udalak.