‘Bizarrak 2.0’ eta ‘Control Freak’ antzezlanak hartuko ditu Torrezabalek asteburuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kulu Orr
Getari Etxegarai, Leire Orbe, Ana Goitia eta Nerea Mazo Torrezabaleko eszenatokira igoko dira barikuan ‘Bizarrak 2.0’ umore solasaldia eskaintzeko. Zapatuan aldiz, Kulu Orr konpainiak teknologia, musika eta zirkua uztartzen dituen ‘Control Freak’ antzezlana aurkeztuko du Galdakaoko aretoan.
Torrezabal Kultur Etxeak hogei ikuskizun eskainiko ditu abendura bitarte eta asteburu honetan hauetako bi hartuko ditu. Barikuan, urriak 6, Getari Etxegaraik, Leire Orbek, Ana Goitiak eta Nerea Mazok ‘Bizarrak 2.0’ solasaldia aurkeztuko dute.
Lau emakumeen eskutik «barreak, eztabaidak, hausnarketak, baina batez ere subnormalitatea, subnormalitate deskontrolatua» ikusteko aukera izango da Torrezabalen. «Emakumeok ere gure bizarrak txukuntzeko tartea behar dugu, mundua hankaz gora jartzeko bada ere», aldarrikatzen dute ikuskizunean.
Saioa 20:00etan izango da eta sarrerak salgai daude 7,5 eta 10 euro arteko prezioan Udalaren webgunean eta Torrezabalen.
Zapatuan aldiz, urriak 7, Kulu Orr konpainiak ‘Control Freak’ ikuskizuna eskainiko du 19:00etan. Umorea, zuzeneko musika, zirkua eta puntako teknologia uztartzen ditu antzezlan honek, saio «erakargarri eta berritzailea» sortuz.
Saio honetarako ere sarrerak salgai daude eta prezioa 4 eta 8 euro artekoa da kasu honetan.