Bizkaiko uraren pribatizazioari buruzko dokumentala eskainiko da Torrezabalen
Ekologismoa
BINKE / 2022ko apirila
Bizkaiko uraren pribatizazioari buruzko dokumentala eskainiko da Torrezabalen
TESTUA: Leire Regadas Callejo
ARGAZKIA: Ricardo Gamazaren sareetatik
Erakunde publikoak, enpresak eta multinazionalen arteko «sare antolatua» azaleratzen du Ricardo Gamaza ikerketa kazetariaren Monopolia dokumentalak. Bihar ikusgai izango da, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean. Ondoren, eztabaidarako tartea izango da dokumentalaren egileekin. Sarrera librea da.
Lurralde osoan kontrol politiko eta ekonomikoa izateko ahaleginean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak enpresa pribatuekin «uraren monopolioa sortzeko» prozesua salatzen du Monopolia dokumentalak. Ricardo Gamaza kazetariak zuzendu eta Ecoperiodismo talde independienteak ekoitzi du lana.
Besteak beste, Iratxe Arriola Eako alkatea eta Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakari ohiak, David Hoyos EHUko irakasle eta ikertzaileak, Iñaki Antiguedad EHUko katedradunak eta Alfonso Caño ekologistak hartzen dute parte; euren lekukotzak eta analisiek josten dute dokumentala.
Monopoliak salatzen du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Zadorrako urtegien %70en mende egoteak ondorio kaltegarriak eragin ditzakela ingurumenean. Izan ere, ura Arabatik Bizkaira eramateko prozesuak kanalizazio luzeak dituzten azpiegitura handiak sortzera behartzen du.
Horrek herritarrei iristen zaizkien fakturetan isla duela nabarmentzen du lanak. «Cloacas: los negocios sucios del agua» dokumental sorta zabalago baten parte da Gamazaren azkena; 2018an hasi zen gaia lantzen «Trileros del agua»-rekin. Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean proiektatuko da bihar; sarrera librea da edukia bete arte. Proiekzioaren ondoren, eztabaida tartea irekiko da dokumentalaren egileekin.