EAJk eskola materiala erosteko dirulaguntzak batxilergoan ere ematea eskatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: R. Roth
Galdakaoko Udalak eskola materiala erosteko dirulaguntzak emango dizkie familiei ikasturte honetan. EAJ-PNVk laguntzak batxilergoko ikasleei ere ematea eskatu dio Udal Gobernuari eta horretarako zuzenketa aurkeztuko du gaur arratsaldeko osoko bilkuran.
EAEn, batez beste, 2.047 euro gastatuko dituzte familiek eskola materialean aurten alaba edo seme bakoitzeko, iazko gastua baino 164 euro inguru gehiago. Ikasle bakoitzeko batez besteko gasturik handiena batxilergoan daudenek egiten dute, 474 euro inguru.
Hau kontuan hartuz eta Galdakaon bi institutu daudela nabarmenduz, Elexalde BHI eta Bengoetxe BHI, EAJk Galdakaoko Udalak eskainiko dituen eskola materialerako dirulaguntzetan batxilergoa ere sartzea eskatu du.
BINKEk jaso zuen moduan, Galdakaoko Udalak dirulaguntzak emango dizkie herriko familiei eskolako materiala erosteko baina baldintzetan ez du batxilergoa sartu. «Oinarri arautzaileen 3. artikuluan jasotzen da diru-laguntzaren xedea hezkuntza-jarduera laguntzea, bultzatzea eta sustatzea dela, tokiko merkataritzaz gain, eta horregatik ikusten dugu beharrezkoa dela batxilergoa sartzea eta horrela kopuru handiagoa lortzea», azaldu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk proposamena bihar aurkeztuko du zuzenketa bitartez osoko bilkuran eta «oinarriak zabaltzeko lan egingo du, datozen asteotan gobernu taldeari beste hainbat hobekuntza-proposamen helaraziz».