EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatuko du bihar Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Alderdiak apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzen ari dira eta bihar, hilak 5, EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatuko du Galdakaon. Hitzorduan Oihana Etxebarrietak eta Julen Arzuagak parte hartuko dute.
Gero eta gertuagoa dago hurrengo lehendakaria ezagutzeko eguna. Iñigo Urkullu jeltzaleak agur esango dio lehendakaritzari 12 urteren ostean eta apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Alderdiak hasi dira hauteskundeak prestatzen eta hainbat ekitaldi egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan zehar. Besteak beste, Pello Otxandiano lehendakarigaiak solasaldia eskaini zuen Galdakaon duela bi aste, herriko eredu politikoa balioan jarriz.
Bihar, apirilak 5, berriz bueltatuko dira EH Bilduko ordezkariak Galdakaora, alderdiak ekitaldi politikoa antolatu baitu. Hitzordua Iturrondo plazan izango da 19:00etan eta Oihana Etxebarrietak eta Julen Arzuagak parte hartuko dute, Bizkaiko zerrendako 2. eta 3. postuan doazen kideak.