EH Bilduk «etxebizitza duinaren garrantzia» azpimarratu zuen Galdakaon
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Atzo, apirilak 9, kanpaina agerraldia antolatu zuen EH Bilduk Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazan. Honetan, besteak beste, Iñigo Hernando alkateak eta Xabier Luke Gipuzkoako zerrendakideak parte hartu zuten, «etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzen duten politikak beharrezkoak» direla azpimarratuz.
Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta pasa den astean hasi zen kanpaina. Alderdiak haien proposamenak aurkezteko ekitaldiak egiten ari dira egunotan eta atzo, apirilak 9, EH Bilduk hitzordua antolatu zuen Galdakaon.
Agerraldia Agirre Lehendakariaren plazan izan zen goizean eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Xabier Luke Gipuzkoako zerrendakideak hartu zuten hitza. Haiekin batera izan ziren, besteak beste, Galdakaoko EH Bilduko Edurne Espilla, Asier Egiraun, Amets Iturbe eta Eguzkiñe Gezuraga.
Hernandok azaldu zuen 2019an Galdakaoko Udalera heldu zirenean, «argi genuen etxebitza politika aldatu behar zela, pertsonengan zentratuz». Galdakaoko alkateak herrian martxan jarri duten zuzkidura bizitokien proiektua nabarmendu zuen, «mugarri bat» dela adieraziz.
Halaber, Gobernu taldeak PSE-EErekin lortutako akordioa aldarrikatu zuen, gune tentsionatuen izendapena lortzeko eta hurrengo urteetarako etxebizitza plangintza egiteko. «Lanean gaude hurrengo hiru urteetarako plangintza finkatzeko, hirigintza gaurko errealitatera egokitzeko», azaldu zuen Hernandok.
Galdakaon egindakoa abiapuntu hartuz eta etxebizitza «larrialdi egoeran bizi garela» nabarmenduz, EH Bilduk gaiaren inguruan dituen proposamenak aurkeztu zituen jarraian Lukek: «Bi eremutan eragitea planteatzen dugu: etxebizitzaren prezioa murriztean eta etxebitza eskaintza aregotzean».
«Etxebizitzen salneurria eta alokairua murrizteko, tensio handiko eremuak izendatu eta erreferentziazko prezio indizea abiatuko dugu, espekulazioa geldiaraziko ditugu, pisu turistikoak mugatuko ditugu, zerga politika baliatuko dugu eta prestazio sistema gainditu nahi dugu», azaldu zuen Gipuzkoako zerrendakideak.
Etxebizitzaren eskaintza aregotzeko aldiz EH Bilduk honako neurri hauek proposatzen dituela adierazi zuen Lukek: «Eraikita dauden etxebizitzak eraberritu, etxe hutsak merkaturatu, etxebizitza merkeak lehentasunez erosteko eskubidea ezarri parke publikoa handitzeko, hirigintzako neurriak baliatu, eta sektore pribatuaren eta publikoaren arteko akordio orekatuagoak lortu».
«Etxebizitza eskuratzea eskubidea da eta bermatu behar da, eta horretarako politikak egin behar dira», azpimarratu zuen Lukek amaitzeko.