«Ekinean bat egin», Idoia Alvarez
Idoia Alvarez Ajuria
BINKE / 2020ko apirila
Ekinean bat egin
Sekula ez da hain gogobetegarria izan zarama jaistea. Inoiz ez dugu hainbeste somatu errutinaren falta. Monotonia, lagunen hutsunea eta ziurgabetasuna protagonistak diren egunotan, ezinbestekoa da alde positiboei erreparatzea.
Momentu latz honi aurre egiteko gure herrian sortu den Binke Artistikoa egitasmoa guztiz txalogarria iruditzen zait. Kontzertuak, kirol eta dantza jarduerak, sukaldaritza saioak… Programa anitza eta kreatiboa, dudarik gabe. Oso polita eta eskertzekoa da zer eskaini daukaten galdakoztarrek beren harri koskorra ekarri eta herriarekin partekatzea. Bestalde, nabaria da ere umoreak hartu duen lekua. Errealitate gordina ahaztu eta momentu barregarriak eman dizkigute hainbat kuadrilak, eurek prestatutako playback eta bestelako agerpen barregarrien bidez.
Eta nola ahaztu Galdakaoko bolondres sarea. Herritarrek inplikazio koordinatua erakutsi dute zailtasunak dituzten pertsonei lagundu eta zaintzeko. Galdakoztarrez harro sentitzeko moduko erantzuna eman da.
Ukaezina da egun gogorrak ditugula aurretik. Edonola ere, hau amaierara iritsiko da noizbait, ez ordea, egoera honek sortu duen batasuna. Laster ikusiko dugu elkar, eta herria inoiz baino indarberrituago egongo delakoan nago.