«Emakumeen oroimena berreraikitzeko» kalejira antolatuko du bihar Erabide elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Wikiloc
«Galdakaoko emakumeen oroimena berreraikitzeko» helburuz, kalejira antolatuko du bihar Erabide elkarteak Agirre Lehendakariaren plazatik. Herriko emakumeak omentzen dituzten hamabost monolitoetan geldituko da ibilbidea eta bakoitzean testu bat irakurriko du Erabideko idazketa taldeko kide batek.
Duela bost urte monolito eta eskulturak jarri ziren Galdakaon zehar herriko emakumeak omentzeko helburuz. Batzuek Romualda Zuloaga, Sista Barrenetxea, Monika Lekunberri edo Ane Legarreta bezalako emakumeak oroitzen dituzte eta beste batzuek ordea taldeak, hala nola, esne-saltzaileak edo baserritarrak.
Hain zuzen, hauei garrantzia eman eta «oroimena berreraikitzeko» asmoz, kalejira antolatuko du Erabide elkarte galdakoztarrak hamabost monolitoetatik zehar. Ibilbidea Agirre Lehendakariaren plazan dagoen esne-saltzailetik hasiko da eta harritxo bakoitzean testu labur bat irakurriko dute Erabideko idazketa taldeko kideek, bakoitzak sortutakoa.
Kalejira 19:00etan hasiko da eta Erabidetik parte hartzera animatu dituzte herritarrak, «askok ez baitituzte emakume hauek ezagutzen».