Ernesto Vega: «Jendea eta giroa da hemendik gehien gustatzen zaidana»
Ernesto Vega, Kubatik etorria
BINKE / 2024eko martxoa
Ernesto Vega Perez La Habanan jaio zen (1968, Kuba). Duela 27 urte jaioterria atzean utzi eta bere emazte galdakoztarrarekin heldu zen gure herrira. Familiarekin egonkortzeko helburua zuen eta ordutik herriko ostalaritzan ezaguna egin da. Gaur egun Urki Kafean lan egiten du, «oso pozik».
Noiz eta zergatik etorri zinen Galdakaora? Madrilera 1997ko ekainaren 2an heldu nintzen eta egun batzuk beranduago, ez dut ondo gogoratzen zenbat zehazki, Galdakaora heldu nintzen. Emakume galdakoztar bat ezagutu nuen Kuban, han ezkondu ginen eta gero hona etorri ginen biok,
egonkortzeko helburuarekin.
Herrira heltzean zer izan zen zailena? Nire familia atzean ustea benetan gogorra izan da, batez ere hasieran. Orain ere faltan botatzen ditut, noski, baina banatzean sentitzen duzun hori oso gogorra da. Ume txiki bat utzi nuen han eta hori benetan sufritzea egiten du. Ondo inguratuta egon arrean zure etxea faltan botatzea normala da.
Ondo hartu zizun Galdakaok? Oso oso ondo. Heldu eta hurrengo egunean lan egiten nengoen, Urki Kafean. Hiru urte baino gehiago egon nintzen han eta 2000ko otsailean Plaza Gorriko taberna bat hartu nuen. Hor lau urte eman nituen eta beste taberna batean hamasei. Hori uzteko erabakia hartu nuen jabe bezala ordu asko eta asko ematen dituzulako lanean, gehiegi ia beti. Oso nekatuta nengoen. Banatzaile moduan egon nintzen hilabete batzuetan zehar baina Urki Kafera bueltatzeko aukera ikusi nuenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Hemen oso harreman ona dut denekin eta soberan ezagutzen dut funtzionamendua. Asko gustatzen zait ostalaritza eta Urkin gozatu dezaket, giro oso polita duen lekua delako eta nire bi semeekin disfrutatzeko denbora uzten didalako ere.
Zer da gure herritik gehien gustatzen zaizuna? Jendea eta giroa. Herri lasaia da baina aldi berean oso bizia, giro handikoa zentzu guztietan. Aurretik esan dudan moduan, asko gustatzen zait ostalaritza eta ofizio honek galdakoztar asko ezagutzeko aukera eman didanez, gustoko ditudala esan dezaket. Egia esanez, ez nintzateke hemendik joango, ez nuke Galdakao aldatuko, bizitza honetara ohitu naiz eta gustoko dut.
Euskaraz dakizu? Ez, eta pena handiarekin esaten dut, benetan. Asko gustatzen zait hizkuntza eta heldu nintzenetik izan dut buruan euskara ikasten hastea. Ikusten ditut herrian hizkuntzaren alde egiten diren ekimen guztiak eta asko gustatzen zait. Duela urte asko euskara ikasten hasteko asmoa nuen baina taberna baten jabea izateak ez ninduen ezertarako denbora uzten. Nire umeentzako denbora ez banuen ere, nola hasi hizkuntza berri bat ikastera? Eta gainera euskara, nahiko zaila dela. Baina ideia hori oraindik buruan dut. Pasa den urtean eta aurten euskaltegian izena emango nuen baina epetik kanpo geratu naiz. Hala ere, euskara ikasiko dudala argi dut, noiz izango den ez jakin arren, jajaja. Nire familia oso euskalduna da eta ni ere mundu horretan murgiltzeko asmo irmoa dut.