«Eskerrik ez», Goizane Cebrian
Goizane Cebrian Gonzalez de Mendibil
BINKE / 2018ko uztaila
Eskerrik ez
Ikasturtea amaitu berri daukagula, irakasleoi dagokigu orain egindakoaren balorazioa egitea. Nork eta nola ebaluatzen gaitu gu, ordea? Gero eta gutxiago eskertzen da gure lana eta erreztasun handiz epaitzen gaituzte arlo guztietatik, atzean dagoen ahalegin ikaragarriari erreparatu barik, soldataren barruan doanaren aitzakiaz. Ez al dira konturatzen euren seme-alabek familiako kide askorekin baino hainbat ordu gehiago ematen dutela gurekin? Irakastearena ez ezik, pedagogia hutsetik at gelditzen diren kontu ugariren ardura ere gurea dela? Ikasleen ongizateaz, eroso eta pozik sentitzeaz, maitasuna eta kontsolamendua emateaz, baita mina sendatzeaz ere arduratzen gara klasean… eta horren ondorioz, euren familia ere bihurtzen gara nolabait. Kurtso bukaera honetan ondo merezitako eskerrak jasotzea eta gure lana goraipatzea erregaia litzateke gogotsu dihardugun irakasleentzat, hurrengoan, zergatik ez, zoriontsuago ekin diezaiogun beharrari. Ez ditzagun ba modu onak ahaztu, mesedez, kritika egitea horren baloratuta dagoen garai honetan bada ere. Eta ohartu gaitezen pertsona txiki horien bizitza eraldatzeko gure ahalmenaz. Eta has gaitezen etxetik, adibidez.