Euskaraldiak Batzar Orokor batera deitu ditu galdakoztarrak
Euskara
BINKE / 2022ko ekaina
Euskaraldiak Batzar Orokor batera deitu ditu galdakoztarrak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da aurten, eta bere nondik norakoak antolatzeko Galdakaoko euskaltzaleak deitu ditu ekimenak eguen honetarako, ekainak 2, Galdakaoko udaletxera.
Udazkenean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia dagoeneko egin dute Euskal Herriko zenbait eragilek. Ariguneak osatu eta izena emateko epea zabalik dago jada, euskaraz aritzeko guneak sortuko dituzten entitateek ariketan parte har dezaten. Eta epe hori zabalik dagoela deitu du Galdakaok Euskaraldiaren lehenengo Batzar Orokorrean parte hartzera.
Eguen honetan, ekainak 2, Galdakaoko udaletxeko areto nagusian —bilkurak egiten diren aretoan— izango da bilera hori, arratsaldeko 19:00etan. Bertara «adin, genero, identitate edota pentsamendu guztietako euskaltzaleak» gonbidatu gura dira, «talde anitza» sortze aldera, aurreko urteetako batzordekideek Binkeri azaldu diotenaren arabera.
«Hitzez ekiteko garaia» dela aldarrikatuz bere leman, aurtengo Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra antolatuko da euskararen herri osoan. Inoizko ariketarik sozial eta linguistiko handienak «ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz» ekingo dio ariketari, eta baieztatu: «Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin».
Aurreko urteetan legez, Galdakaok bere batzorde propioa izango du eta horretarako deitu dute, Udalaren babesean, eguen honetan Batzar Orokorrera.