Familiei zuzendutako zirku tailerra antolatuko du Bagabiz Euskara Elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Zirkun
‘Bariku pasa’ ekimenaren barruan, zirku tailerra antolatuko du ekainaren 16an Bagabiz Euskara Elkarteak. Iturrondo plazan izango da eta familiei zuzenduta egongo da.
Bagabiz Euskara Elkarteak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, ume eta gurasoen arteko harremanetan euskara sustatzeko ekimena jarri zuen martxan duela bi hilabete. ‘Bariku pasa’ du izena eta herrian helburu honekin egingo diren saioak batzen ditu.
«Eskola eremutik kanpo euskararen erabileran eta hizkuntza ohituretan eragitea da egitasmoaren helburua», azaldu zuten Udaletik ekimena aurkeztean.
Asmo honekin apiriletik barikuro egin dituzte saioak eta ekainaren 16an ere antolatuko dute familia giroan gozatzeko jarduera. Zehazki, zirku tailerra eskainiko dute egun horretan.
Hego Uribeko Berbalagunek ezagutzera eman dutenez, saioa Iturrondo plazan izango da 17:00etatik 19:00etara.