Fernandezekin hitz egin dugu, Rotterdameko Sinfoniaren Urte Berriko kontzertua zuzentzetik bueltan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jan Hordijk
Rotterdameko Sinfoniak Urte Berriko kontzertua eskaini zuen urtarrilaren 6an La Hayan eta Mikel Fernandez galdakoztarrak zuzendu zuen emanaldia. Orkestra zuzendariarekin hitz egin du BINKEk esperientziaren inguruan.
Zapatuan, urtarrilak 6, une bereziak bizi zituzten galdakoztar askok Errege Magoen etorrerarekin. Mikel Fernandezen kasuan ere emozioz beteriko eguna izan zen baina kasu honetan arrazoi profesionalengatik, izan ere, orkestra zuzendariak Rotterdameko Sinfoniak La Hayan eskaini zuen Urte Berriko kontzertua zuzendu zuen 750 pertsona ingururen aurrean.
Kontzertua La Hayako Amare auditorioan izan zen, 20:15ean eta gutxi gorabehera ordu bat eta 45 minutuko iraupena izan zuen. Agertokian 60 musikari baino gehiago batu ziren, eta baita Elenora Hu sopranoa eta Maria Solozobova biolinjole ezagunak, kontzertuko obra batzuetan parte hartu zutenak.
«Egia esan, oso berezia eta sutsua izan zen aldi berean! Programa oso zabala, anitza eta konplexua zen, beraz, kontzentrazio handia behar zen estilo ezberdinak landu ahal izateko eta orkestrak obren estetika uler zezan. Gainera, programa zabala zenez eta bakarlariekin lan handia egin genuenez, oso denbora gutxian lan egin behar izan genuen, eta, beraz, aste gogorra izan zen, baina emaitza bikainak lortu ditugu», aitortu dio Fernandezek BINKEri.
«Nire sentsazioa da oraindik lurreratzen ari naizela. Ikusleen harrera zoragarria izan zen eta oso egitarau berezi eta paregabeaz gozatu zuten 2024ari hasiera emateko. Niretzat, are bereziagoa izan zen, lagun eta lankide asko ez ezik, gurasoak eta anaia ere han baitziren», nabarmendu du orkestra zuzendariak.
Egun horretan une berezi asko zituela adierazi du Fernandezek, bai publikoaren harrera eszenatokira irtetean, baita bere familiarekin, musikariekin eta kontzertuaren ondorengo publiko guztiarekin berriz elkartzean ere. «Orkestraren gerentziak xanpaina eta edariak dohainik prestatu zituen publiko eta orkestra guztiarentzat, eta horrela urte berria ospatu ahal izan zuen kontzertu berezi baten ondoren. Horrelako kontzertu baten ondoren publikoa hain hunkituta ikustea eta hartzea, eta batez ere nire familia, ez du preziorik», azaldu du.
Zailena ordea, «sakon lan egitea izan zen, hain trinkoa den entsegu-denbora administratu eta hain programa luze eta anitzari dagokion kontzentrazioa eta energia mantendu behar izan genuelako». Urtarrilaren 3an heldu zen La Hayara eta egun horretan bertan egin zuten lehen entsegua eta ondoren, beste bi entsegu orokor egiteko aukera izan zuten.
Kontzertuan eskaini zituzten obretariko batzuk ezagunak ziren Fernandezentzako baina beste hainbat ez. Horregatik, «erronka pertsonal bat ere bazen, ilusio eta erantzukizun handienarekin aurre egin niona».
Urte hasierako erronka polit honen ostean, 2024 musikaz betetako urtea izango dela azaldu du zuzendariak: «Jakina, hemen Herbeheretan, denboraldia amaitu arte hilero Sinfonia Rotterdamekin lan egiten dudan lekuan, baina asko bidaiatuko dut ere: adibidez, Zurichen. «Gainera, beti bezala, niretzako lekurik berezienerako txoko bat gordetzen saiatzen naiz: Bilbo. Beraz, segur aski etxean ere izango da zuzentzeko denbora», aitortu du.