Fernando Izagirrek dimisioa eman du Galdakaon eta Eusko Jaurlaritzan
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: EAJ Galdakao
Galdakaoko Udalean EAJren ordezkari eta Eusko Jaurlaritzan Larrialdietako eta Meteorologiako zuzendari denak bi karguetatik dimisioa aurkeztu du, DYAko presidente zenean egin zituen ustezko irregulartasun ekonomikoak ikertzen baitago Espainiako Fiskaltza. Salaketa hau «egungo zuzendaritzaren gaitasun eza ezkutatzeko» baino ez dela adierazi du Izagirreren inguruak, DYA krisi ekonomiko betean baitago.
Fernando Izagirre galdakoztarrak bere dimisioa aurkeztu zuen astelehenean eta atzo, martitzena hilak 26, bere bi kargu publikoetan: EAJren ordezkaria zen Galdakaoko Udalean eta Larrialdietako eta Meteorologiako zuzendari Eusko Jaurlaritzan.
EAJren dimisioa astelehenean «arrazoi pertsonalengatik» eman duela adierazi du gaur Deia egunkariak, bai bozeramaile zein zinegotzi karguetatik. Jaurlaritzaren dimisioa berriz, erakunde honek bere goi-karguetarako ezarrita duen Kode Etikoak behartuta eman omen du, El Correo egunkariaren arabera, nahiz eta oraindik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ez duen argitaratu.
Aperribaitarrak DYAko presidente zenean egindako ustezko delituak ikertzen ari da Fiskaltza. Zehazki, delitu hauek egin izan dituen egiaztatu gura du ikerketak, El Correo egunkariaren arabera: fondo publikoen bidegabeko erabiltzea, administrazio desleiala, bidegabeko jabetzea eta kaudimengabezia zigorgarria. Delitu hauek egiaztatuz gero, urteetako espetxe-zigorra jaso lezake Izagirrek.
Eusko Jaurlaritzaren karguan martxoaren 26tik egon da, eta dimisioa atzoko gobernu-batzordean eman omen zuen, DYAko egungo zuzendaritzak apirilaren 4an salatu eta «orain egun batzuk arte kasu hau Espainiako Ministerio Publikoaren esku igaro denean», aurretik aipatutako hedabidearen arabera.
Ustezko irregulartasun ekonomiko horiek 2016tik 2021era bitartean DYAko presidente izan den bitartean egin omen dituela diote El Correok eta Naizek, eta salaketa hau «DYA erakundearen krisi ekonomikoaren erdi-erdian datorrela» gaineratu. Horregatik akaso, «Izagirreren inguruak» Vocento taldeko hedabideari kontatu dionaren arabera, salaketa hau «egungo zuzendaritzaren gaitasun eza ezkutatzeko» baino ez da. Gainera, DYAko presidente izateko Izagirreren lekukoa hartu zuen Santiago Gonzalo erakundeko idazkari eta diruzaina izan zen, baita galdakoztarra presidente karguan zegoenean ere.
Informatzen jarraituko du Binkek.