Francisca Ereñoren argazki bilduma ikusgai dago Galdakaoko Udalaren artxiboan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udalaren artxibotik
Francisca Ereño usansolotarrak Labea, Arteta eta Usansoloko etxe eta baserri zaharren argazkiak bildu zituen. Galdakaoko Udalak bere artxiboan jarri ditu ikusgai, Ereñoren iloba Anton Arrizabalagak egindako dohaintzari esker.
Bizkaia mailan aitzindaria den proiektua jarri zuen martxan Galdakaoko Udalak martxoan. Herritarren esku jarri zuen Udal Artxiboa, bere webgunearen barnean dagoen sistema berri baten bitartez. Honi esker edozeinek deskargatu ditzake «modu errez eta sinplean» Galdakaori buruzko dokumentuak edo argazkiak, Binkek jaso zuen moduan.
Udalak jakinarazi duenez artxibo honetan jarri du Francisca Ereño usansolotarraren argazki bilduma, bere ilobak, Anton Arrizabalagak, egindako dohaintzari esker.
Ereño Oletxe kaleko 40. zenbakian dagoen geltokiko tabernan jaio, bizi eta hil zen, eta Labea, Arteta eta Usansoloko etxe eta baserri zaharren argazkiak bildu zituen. Baserri horietako asko egungo AP8 autobidea eraikitzerakoan desagertu ziren.
Bilduman aurkitu daitezkeen irudiak Don Clemente apaizari enkargatu zizkion hasiera batean eta ondoren, Horacio Medina Usansoloko argazkilariari.
Artxiboko beste argazkiek duten moduan, Ereñoren bilduma osatzen duten irudiek deskribapen normalizatuak eta unibertsalak dituzte, eta euskaraz.