Gabon Zaharreko San Silvestre lasterketan paralinpikoak ere lehiatuko dira aurten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz, Binkeren artxibotik
Azaroaren 1etik zabalik dago San Silvestre Gabon Zaharreko zirkuituan izena emateko epea. Gainera, aurten berrikuntza nabarmen bat gehituko zaio espainiar estatuko lasterketa zaharrenari: elbarrituek ere parte hartu ahal izango dute bertan.
Zabalik dago, azaroaren lehenetik, urtero abenduaren 31n antolatu ohi den San Silvestre lasterketan parte hartzeko epea. Gabon Zahar egunean ehunka eta ehunka lasterkari hartu ohi dituzte erdiguneko kale galdakoztarrek. Kategoria desberdinetan banatu izan dituzte antolatzaileek, Galdakao Atletismo Taldekoek, parte-hartzaileen multzoak —edozein kirol-probatan ohikoa den legez—.
Aurten aldiz, berritasun handi bat dakar espainiar estatuko San Silvestre zirkuiturik zaharrenak: paralinpikoek ere izena eman ahal izango dute bertan. «Azken urteotan Herri Krosean egiten ari diren bezala, urrats horrekin Galdakao Atletismo Taldeak aukera eman nahi die kirolari paralinpikoei Gabon Zaharreko zirkuituan ere parte har dezaten», adierazi zuen atletismo taldeak babesle duen Galdakaoko Udalak ohar bidez.
Ohiturari jarraiki, eta berrikuntza garrantzitsu hori gehituta, hauxe izango da aurtengo abenduaren 31n Gabon Zaharreko San Silvestre lasterketak bete gura duen ordutegia:
- 16:30ean, umeen kategoria
- 16:35ean, kirolari paralinpikoentzako lasterketa egokitua
- 16:40ean, gizonezko kadete-jubenilak
- 16:45ean, gizon paralinpikoentzako lasterketa
- 16:50ean, emakumezko kadete-jubenilak
- 16:55ean, emakume paralinpikoetzako lasterketa
- 17:05ean, juniorrak eta beteranoak
- 17:30ean, herri lasterketa
- 18:05ean, emakumezkoen lasterketa absolutua
- 18:30ean, gizonezkoen lasterketa absolutua
Izen-ematea, esan bezala, zabalik dago. Parte hartu gura duenak Galdakao Atletismo Taldearen webgunean egin dezake, hemen klik eginda.