Galdakantari ekimenak zortzigarren urteurrena ospatzeko kantaldia egingo du bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Josi Sierrak bidalitakoa
Aurten zortzi urte bete ditu Galdakaoko kaleetan zehar abesten duen Galdakantari ekimenak. Hau ospatzeko kantaldia egingo dute bihar herriko kaleetan zehar.
Ilusioz beterik hasi ziren Galdakantari ekimeneko kideak kaleetan zehar abesten 2016ko apirilean. Zortzi urte pasa dira ordutik eta urteurrena ospatuko du bihar taldeak Galdakaoko kaleetan zehar egingo duen kantaldiarekin.
Muguru plazako Ingles tabernatik abiatuko dira 20:00etan eta ordu erdi geroago Zamakoan-Muguru farmazia inguruan egongo dira. Ostean, 21:15ean, Santi Brouard enparantzaren aurrean izango dira kantatzen.
Kantaldian duela lau urte zendu zen Kontxi Belandia gogoan izango dute, GaldaKantari ekimeneko sortzaileeetako bat, eta euskarazko betiko abestiak kantatuko dituzte, Kantari aplikazioan aurkitu daitezkeenak.
Biharko kantaldiaz gain, hilero hirugarren barikuan batzen direla gogoratu dute taldetik eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera.
«Ez gara pertsona asko izaten. Bost edo sei musikari eta dozena bat edo bi kantazale. Baina gustura egotea eta alkarregaz kantatzea da geure asmoa: aspaldi ikasi doguzan abestiak gehien bat; baina barriak be probatzen doguz, behin edo behin. Hori bai: beti euskeraz!», adierazi du Josi Sierra ekimeneko parte-hartzaileetako batek.