Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute lehen aldiz urriaren 15ean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute lehen aldiz urriaren 15ean Galdakao Mozoilo Triatloi Klubak, Euskadiko Triatloi Federazioak eta Udalak elkarlanean. Lehiaketak bi modalitate izango ditu: federatua eta herrikoia. Hemen batu ditugu txapelketaren xehetasunak.
Igeriketa Inklusiboko Sari Nagusia antolatu zuten Galdakaon otsailaren 25ean eta txapelketak arrakasta handia izan zuen. Ehundaka kirolari eta laguntzaile batu ziren Urreta kiroldegian, kirol inklusiboa sustatzeko helburuz.
Bide honetan jarraitu eta «beste pauso bat emateko asmoz», Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute lehen aldiz urriaren 15ean. «Guretzako ohore bat da lehiaketa hau antolatzea. Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei eta batez ere Mozoilo Triatloi Klubari, herri saretzeko egiten duten lanagatik», adierazi du Iñigo Hernando alkateak gaur goizean egindako aurkezpenean.
Alkatearekin batera izan dira Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Asier Korta Kirol zinegotzia, Ivan Perez Euskadiko Triatloi Federazioko zuzendaria, Richard Gomez Mozoilo Triatloi Taldeko ordezkaria eta egitasmoaren babesleen ordezkariak.
Iturbek txapelketaren garrantzia azpimarratu du: «Inklusiboa izatea ez litzateke hautu bat izan behar, baizik eta betebehar bat, kirolean eta gure bizitzako beste arloetan guztion eskubideak bermatzeko».
Gomezek aldiz Udalaren jarrera «positiboa» aldarrikatu du. Mozoilo Triatloi Klubaren ordezkariaren esanetan, «beti dago prest eta hori eskertzekoa da. Errazagoa egiten du gure lana eta herritarrentzat aukerak ematen ditu».
Proba
Galdakaoko I. Duatloi Inklusiboa 10:00etan hasiko da eta supersprint modalitatean lehiatuko da, bi kategoriatan, federatua (emakumezkoena eta gizonezkoena) eta herrikoia. Azken honetan bakarka edo binaka parte hartu ahal izango da.
Ibilbidea honakoa izango da: 2,10km korrika, 8,75km bizikletan eta 1,07km oinezko martxan. Irteera Juan Bautista Uriartetik izango da, Ardanza parkearen ondotik, eta Erletxeko biribilgunera arte joango dira hasierako lekura bueltatzeko.
Izen ematea zabalik dago hurrengo astelehenera arte webgunean eta antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte herritarrak, izan ere, lehiaketa herrikoian parte hartzeko edozein bizikleta erabili daiteke, elektrikoa izan ezik.