Galdakaoko familiek eskolako materiala erosteko dirulaguntzak jasoko dituzte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: S. M.
Galdakaoko familiek eskolako materiala erosteko dirulaguntzak izango dituzte hurrengo ikasturtean. Neurria EAJ-PNVk Galdakaoko udal aurrekontuei egindako zuzenketaren ondorioz jarriko da martxan.
Galdakaoko EAJ-PNVk hainbat zuzenketa sartu zituen 2023ko aurrekontuetan, besteak beste, gazte eta nerabeentzako arreta psikologikoko zerbitzua zabaltzea eta hobetzea. Halaber, eskolako materiala erosteko familiek dirulaguntzak jasotzea proposatu zuten jeltzaleek.
Galdakaoko EAJ-PNVk adierazi duenez, hurrengo ikasturtean jarriko da martxan azken neurri hau eta familiek diru laguntzak izango dituzte liburuak eta beste hainbat material erosteko.
«Gure udalerriko familien artean eskola-materialaren prezioen igoeraren eragina arinduko duen neurria eta beste laguntza batzuk osatuko dituena da», azaldu du Ainhoa Agirregoikoa alderdiaren bozeramaileak.
Era berean, Agirregoikoak azpimarratu du EAJ-PNVk auzoetan irisgarritasun eta hobekuntzan inbertitzen jarraitzearen alde, aparkalekuen gabeziaren konponbideen eta haurrentzako parkeak estaltzearen alde egin duela: «Beharrezko hobekuntzak proposatzen ditugu gehieneko guneetan, hala nola, Zubiaurretarrenetik Elkanorako hiri igogailua eraikitzea, Iberluzeko aparkalekua eta parkeetako haurren estaldurak egitea».
Ekimenek «auzokideen benetako arazoak» lehenetsi nahi dituztela nabarmendu dute alderditik, «Galdakaon bizi garen pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko».