Galdakaoko Gazte Egunaren XI. edizioa maiatzaren 6an antolatuko da
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Mad Muaselen sareetatik
Gazte Egunaren hamaikagarrena maiatzaren 6an antolatuko dute Galdakaon. Ez dira faltako urteroko kuadrilen arteko paella preskaketa eta jana zein kontzertuak. Baina izango da bestelakorik ere, datorren zapatuan, Kurtzeko plazan!
Hamaika asko dira euskaraz, eta are gehiago hamaikagarren aldiz antolatutako jaia denean. Bada, zenbaki horrekin dator bueltan Gazte Eguna Galdakaora, maiatzaren 6an zapatuarekin. Gazte Eguna antolatzeko sortutako batzorde bereziak antolatu du, azken urteetan bezala, zenbait ekintza batuko dituen jardunaldia.
Kurtzeko plazak hartuko du herriko gazteria, goizetik ordu txikira arte, ginkana batekin hasi —Kurtzeko plazan jarriko duten barran eman beharko da bertan parte hartzeko izena, ekintza hasi baino 10 minutu lehenago— eta kontzertuekin amaituta: Brea, Mad Muasel eta Muxutruk erromeria.
Oholtzara igotzen ez dira bakarrak izango aipatutako gaueko hiru taldeak, ohiko bilakatu den paella prestaketa, txapelketa eta ondorengo bazkari herrikoiak hartuko dutelako eguneko tarterik zabalena. Jatorduaren osteko giroa Patxiku eta Dekantuz kuadrilek jarriko dute, kuadrila honetako musikariek horrelakoetarako sortutako P.T.K.antuz taldearekin.