Galdakaoko Haurren Kontseiluak ikasturteko lehen bilera egin zuen atzo
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Haurren Kontseilua «umeen begirada udal politiketara eramateko helburuz» sortu zen Galdakaon duela bi urte. Atzo, urriak 15, osatu zen ikasturte honetako taldea eta Iñigo Hernando alkatearekin eta Maite Arandia Parte Hartze zinegotziarekin batu ziren 20 ume.
Duela bi urte osatu zen lehen aldiz Haurren Kontseilua Galdakaon, «haurren begirada udal politiketara eramateko helburuz». Asmo berdinarekin atzo, urriak 15, eratu zuten Haurren Kontseilu berria, udaletxeko pleno aretoan egin zen ekitaldian.
Ikasturte honetako Haurren Kontseilua Aperribai, Gandasegi eta Urreta eskoletako zein Eguzkibegi Ikastolako 20 kidek osatzen dute eta atzo egin zuten lehen bilera. Honetan, Iñigo Hernando alkateak eta Maite Arandia Parte Hartze zinegotziak ongietorria eman zieten udaletxean eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten.
Ildo honetan, udal ordezkariek Haurren Kontseilua «parte hartze prozesu oso polita» dela azaldu zuten eta haientzat haurren iritzia «oso garrantzitsua» dela azpimarratu zuten.
«Horregatik, ikasturtean zehar gazteek beren auzoetan edo Galdakaon orokorrean faltan botatzen dituzten gauzak edo hautematen dituzten beharrak identifikatuko dituzte, Udalak kontuan hartzeko moduko proposamenetan definitzeko», azaldu dute Udaletik.
Haurrek ordea, bilera hauen helburuari buruzko hainbat ideia bota zizkieten alkate eta zinegotziari, besteak beste, «lagunak egitea, gauzak adostea, ideiak ematea eta Galdakao hobeto ezagutzea». Bestalde, behar batzuk ere aipatu zituzten umeek: iturri gehiago izatea, zakarrontzi handiagoak ipintzea, banku gehiago jartzea….
Bilera hauek hileroko maiztasuna izango dute eta herriko hainbat tokitan egingo dira.