Galdakaon Ibaizabal ibaia berbideratzeko obrak udazkenean amaituko dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Uholdeak ekiditzeko helburuz Ibaizabal ibaia berbideratzeko proiektua jarri zuen martxan 2010ean Uraren Euskal Agentziak. Azkenaldian ur beltzekin lotutako arazoak sortu diren arren, Galdakaoko zatiaren obrak udazkenean amaituko dituztela azaldu dute arduradunek.
Uraren Euskal Agentziak 2010ean hasi zituen Ibaizabal ibaia berbideratzeko lanak, haren inguruan sortzen zituen uholdeak ekiditzeko helburuz. Galdakaoko 2019an sinatu zuen herrian obrak egiteko hitzarmena baina 2022ko amaieran arazoak sortu ziren.
Zehazki, obren ondorioz ur beltzak sortzen ari zirela salatu zuten auzokideek eta EAJk. Honen aurrean eta Binkek jaso zuen moduan, Udal Gobernuak Ur Patzuergoarekin akordio batera heldu dela ezagutzera eman zuen, ur beltz «guztiak» identifikatu eta kolektore orokorrera eramateko.
Arazo guzti hauek atzean utzi eta obrak udazkenean amaituko direla azaldu du orain Uraren Euskal Agentziak, El Correo egunkariaren arabera. Hedabideak azaltzen duenez, lanak atzeratu dituen baldintza handienetako bat Ibaizabalen dauden arroken gogortasuna izan da. Ezaugarri horrek makinen errendimendua moteldu zuen eremu horretan indusketak egitean, eta epeak luzatu zituen.