Ganguren Mendi Taldeak Arrizuriaga inguruko hiru ibilbide seinalizatu ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ganguren Mendi Taldeak, Udalaren ekimenez, hiru mendi-ibilbide seinalizatu ditu Arrizuriaga inguruan. Zehazki, Artola-Kortederrakoa, Erletxeko poligonoetatik abiatzen den ibilbide osagarria eta Menikana-Dendeletakoa markatu dituzte.
Galdakaoko mendi-ibilbideak egokitzeko, hesitzeko eta seinalizatzeko konpromisoa hartu zuen egungo Udal Gobernuak eta dagoeneko hainbat bide egokitu ditu mendi taldeekin batera. Kasu honetan, Ganguren Mendi Taldeak hiru ibilbide seinalizatu ditu Arrizuriaga inguruan.
Zehazki, Artola-Kortederrakoa, Erletxeko poligonoetatik abiatzen den ibilbide osagarria eta Menikana-Dendeletatik abiatzen dena markatu dituzte. Guztira 10 kilometro seinalizatu dituzte, hainbat elementurekin: hamazazpi poste, norabidea erakusten duten hogeita hemeretzi gezi, eta hiru informazio panel. Halaber, bide sareekin mapa bat prestatu dute eta Ganguren Mendi Taldearen egoitzan banatuko dute.
Bestalde, aurretik seinalizatutako ibilbideak osatu dituztela jakinarazi du Udalak. Trokan, Belategin, golf pistan, Uraburun, Solozarretan, Padrolan, Artolan, Meatzetan, Basozabalen eta Eitzagako labean egurrezko hogeita bi zutabe eta norabidea zehazteko berrogeita hamazortzi gezi jarri dituzte, eta baita ohartarazpena bidegurutze batean ere. Informazio panel bat lekuz aldatu dute, eta apurtutako zazpi seinale konpondu dituzte.
Asier Egiraun eta Nerea Orozko Udaleko zinegotziak Pedro Aizarna eta Eduardo Olea Ganguren Mendi Taldeko ordezkariekin batera izan ziren seinalizazio berria ikusten eta Udal Gobernuak egindako lana eskertu zion Ganguren Mendi Taldeari: «Zinez eskertu nahi dugu mendi taldeak herria ezagutarazi eta zaintzeko egiten duen lana, horretarako Udalarekin gauzatzen ari den elkarlana, eta kasu honetan, inguruko ibilbideak markatzeko egiten ari den ahalegina».
Galdakaoko ibilbideei buruzko informazio gehiago ezagutu daiteke Ganguren Mendi Taldearen webgunean.