Gaurtik aurrera salgai daude Bono Dendak, 10€ ordainduta 20€ko balioan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gu Dendari Elkartea
Gaur, astelehena, 10:00etatik aurrera jarriko dira salgai Bono Dendak Galdakaon eta Usansolon. Hamar euro ordainduta 20€ko balioa izango dute atxikitako saltokietan. Hemen batu ditugu bonuak erosteko ordutegiak eta baldintzak.
Tokiko merkataritza sustatzea helburu duen aspaldiko ekimena bueltan da aurten bigarrenez Galdakaora eta Usansolora: gaurtik, urriaren 24tik aurrera Bono Dendak jarriko dira salgai, oraingoan gainera 10€tan txartela erosi eta 20€tan inbertitu ahal izateko —maiatzean 15 eurotan inbertitu zitekeen—.
Galdakaoko Udalak Gu Dendari elkartearekin lankidetzan antolatutako kanpaina honek «gure udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea» du helburu, antolatzaileen esanetan. Horretarako, milaka bonu kaleratuko dira 10 euroko prezioan, baina 20 euroko balioa izango dute kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. Bonuak urriaren 24an jarriko dira salgai goizeko hamarretan, agortu arte.
Hauek dira, gaurtik aurrera, Bono Dendak eskuratzeko egun eta ordutegiak:
Galdakaon, Mugaburu plazako egoitzan
- Astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara.
- Martitzenetan 16:00etatik 20:00etara ere.
Usansolon, Oletxe 19 zenbakian
- Eguenetan, 16:00etatik 20:00etara.
Urriaren 24tik abenduaren 2ra bitarte erabili ahal izango dira Bono Dendak. Gehienez lau bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.
Hauek dira erabilera-baldintzak:
- Bonu bakoitza aldi bakarrean erabili beharko da, eta soilik kanpainari atxikitako saltokietan.
- Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko.
- Bonuak ezin dira eskudirutan trukatu.
- Produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela jaulki beharko du establezimenduak, eta ezin izango da eskudirua itzuli.
- Bonuak bateragarriak dira.