Gazteentzako orientazio saioak antolatuko ditu Galdakaoko Udalak martxoan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Fizkes
«Zer izan nahi dut handitan?» izenburupean, orientazio saioak antolatuko ditu Galdakaoko Udalak martxoan. Bi saio eskainiko ditu eta gazteei eta euren familiei zuzendutakoak izango dira.
Zailtasunak izaten dituzte askotan gazteek haien bokazioa zein den aurkitzerakoan eta prozesu honetan lagundu nahi du Galdakaoko Udalak. Horretarako, orientazio saioak antolatuko ditu «zer izan nahi dut handitan?» izenburupean.
Aukera akademikoak eta lan aukerak bilatzen laguntzeko bi saio izango dira, DBHko 3. eta 4. zein Batxilergoko 1. mailan dauden Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko gazteentzat eta euren familientzat bideratuta egongo dira.
«Bakoitza bere aldetik, dauden aukera akademikoak eta lan aukerak azalduko zaizkien eta lan merkatuaren egungo eskaria aztertuko ditu eta lanerako eta bizitzarako beharrezkoak diren gaitasunei buruz ere hausnartuko da», azaldu dute Udaletik.
Bi talde egingo dira eta saio bakoitza bi zatitan banatuko da: bat gazteentzat eta bestea gurasoentzat. Jardunaldi hauetan honako galdera hauei erantzuten saiatuko da:
- Zein aukerek dute irtenbide gehiago?
- Lan merkatua zer eskatzen ari da?
- Zer gustatzen zait?
- Zertan naiz ona?
- Zertarako balio dezaket maila profesionalean?
Hauek dira saio horien egunak eta ordutegiak:
- 1. taldea: martxoaren 12an eta 19an, 17:00etatik 18:45era gazteentzat eta 19:00etatik 20:45era familientzat
- 2. taldea: martxoaren 13an eta 20an, gazteentzat 17:00etatik 18:45era eta familientzat 19:00etatik 20:45era
Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 10ra arte edo talde bakoitzeko 20 plazak bete arte (20 plaza gazteentzat eta 20 familientzat). Ezinbestekoa da familiak eta gazteak batera izena ematea eta saio bietara joatea, eta izena ematean zehaztuko zaie parte-hartzaileen saioen tokia.
Informazio gehiago ezagutu daiteke Galdakaoko Udaleko Gazteria arloan, mlezameta@galdakao.eus helbidean edota 944010598 telefonoan.