Urandreak lez
Julen Gabiria Lara
BINKE / 2020ko ekaina

Ikasi

Azken hiru hilabeteotan bizi izan dugun egoeran, atentzioa eman dit ikusteak gizarteak zelako ziurtasuna eta konfiantza duen bere buruarengan. Zehazki, deigarria egin zait zenbat aldiz entzun dugun gizarte gisa zerbait ikasiko dugula —hortik ondorioztatzen da, beraz, kolektibo erraldoi baina bateratua garela—.

Nik konfiantza handiagoa dut gizakiarengan, banaka edo talde txikietan hartuta, gizartearengan baino. Askoz ere lehenago jarriko nuke eskua sutan gutako bakoitzak bai ikasi duela zerbait, eta pertsona batzuei zerbaitetan hobetzeko ere balioko ziela honek. Esate baterako, baldin eta beste olderen bat baletor, sinisten dut kolektibo txikiek jakingo luketela ikasitakoa baliatzen: edozein lanbidetako kideek, adibidez. Baina gizarteak, jendarteak, nahi bezala deitu daitekeen entitate formagabe horrek, zer ikasi du: hobea izaten? Kritikoagoa?

Etxean geratzen hasi ginenetik, gogoa egon da gizarte gisa ikasten ari ginela sinisteko. Baina ikastea epe luzerako egiten den inbertsio bat da, eta gizarteak unean bertako beharrizanak eta apetak ase nahi izaten ditu, tamalez. Alferrik da esatea honen guztiaren atzean naturarekiko dugun jokabide zitala dagoela, baldin eta gero, Arantxa Tapiak autoetarako Renove Plana plazaratzen duenean, belarriekin txalo egiten badugu, erabat ahaztuta duela pare bat hilabete denok esaten genuela aurrerantzean bizikleta erabiliko genuela desplazamenduetarako. Hori bat da, baina adibideak mila dira.

Txarra litzateke pandemia honek den-dena eraldatuko baligu; baina kontrakoa ere beldurgarria litzateke: ezer ez aldatzea gure artean.