Ikastoletan «euskaldunon historia erakutsi barik jarraitzen dutela» salatu du Aitzol Altunak
Adierazpenak
BINKE / 2021eko urtarrila
Ikastoletan «euskaldunon historia erakutsi barik jarraitzen dutela» salatu du Aitzol Altunak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gureberriak.com
Aitzol Altuna galdakoztarrak polemika piztu duten adierazpenak egin ditu Gure berriak hedabidean, berak ikasitako ikastoletan «euskaldunon historia erakutsi barik jarraitzen dutela» kameraren aurrean esan ostean.
Gure berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bezala jaio zen, eta «herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea» dela aitortzen du bere webgunean, azken esaldi horri ondoko hau gehituz: «Egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia gara».
Helburu horrekin, hainbat argitalpen egiten ditu hedabide honek astero. Azken argitalpena, gaur —urtarrilak 27— egin du Binkeren kolaboratzaile den Aitzol Altuna historialari galdakoztarraren ahotik. Altunak Elexaldeko Andra Mari elizaren parean bideoz egiten dituen esanen arabera, berari ikastolan «gure historia erakutsi ez» ziotela aitortu du. Baina gainera, bere seme-alabei ere historiaren kontakizun bera egiten diotela azpimarratu du kezkaz: «Ikusten dut ez dela ezer aldatu».
«Bosgarren mailan euskal historiaren inguruko zerbait erakutsi zidatela esan zidaten, baina ez dut ezer gogoratzen» dio historialariak, eta gogoratzen duen historia bakarra espainiarra izan zela onartu du. Bere seme-alabek Bizkaiko «ikastola inportante baten» ikasten dutela dio aipatutako bideoan, eta harriduraz adierazi: «Dagoeneko 40 urte pasa direnez, nire seme-alabei gure historiaz zeozer irakatsiko zietela uste nuen, baina ez, berdin jarraitzen dute; atzeraka goaz».
Ikastetxeetan irakasten duten historia erromatar aurreko Espainia dela dio galdakoztarrak, eta zehaztu: «Agertzen dira zeltak, agertzen dira iberoak… baina euskaldunak ez dira inon agertzen». Aitzol Altunaren esanetan, «50-60. urteetako espainiar testuetan oinarritutako historia erakusten ari dira» eta horren harira ikertutakoak ere kontatu dizkio Gure berriak hedabideari.
Aitzol Altuna Enzunza historialari galdakoztarrak hainbat kolaborazio argitaratzen ditu Binken urtero, beti ere nazio-ikuspegitik eta euskaldunon historia berreskuratu nahian. Altunaren azken kolaborazioa urtarrileko zenbakian bertan argitaratu du Binkek, «Estatu propio barik 400 urte» izenburupeko artikuluarekin. Egin klik hemen bere azken iritzia irakurtzeko.
Aipatutako adierazpenen bideoa berriz, hemen dago ikusgai: