Jon Crespo galdakoztarrak espetxera itzuli beharko du
Euskal gatazka
BINKE / 2022ko otsaila
Jon Crespo galdakoztarrak espetxera itzuli beharko du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Senideen artxibotik
Euskal Herriko bigarren presoa da Jon Crespo, hirugarren graduan egotetik bigarrenera itzularazten dutena. Ondorioz, espetxera itzuli beharko du Espainiako Auzitegi Gorenak erabakita eta fiskaltzak jarritako helegiteari arrazoi emanez.
Graduz aldatu diote Jon Crespo galdakoztarrari. Hirugarren gradutik bigarrenera itzularazi dute, Etxeratek jakinarazi duenez. Euskal presoen eta hauen senideen eskubideen aldeko elkarteak adierazi du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu duela, fiskaltzak hirugarren graduari jarritako helegite baten ondorioz.
Crespo 2002tik dago espetxean eta Valdemoro, Topas, Murtzia eta Duesoko kartzeletan egon ostean 2021eko irailean Basauriko espetxera lekualdatu zuten. Hilabete geroago, iazko urrian, hirugarren gradua eman zion tratamendu batzordeak «eskatutako baldintza guztiak bete dituelako, eta ez duelako, inola ere, sailkapena gaizki erabili», Etxeratek azpimarratu duenez.
Horregatik geroztik kalean zen Crespo, hirugarren graduan eta zigorraren hiru laurdenak beteta, baina aste barruan espetxera joan behar zuen lo egitera. Gaueko hamaiketan kartzelan egon behar zuen eta hurrengo eguneko goizeko zazpiretan zuen berriro kalera irteteko aukera. Kalean izan den tarte hori ikastaroak egin eta lan egiteko baliatu duela adierazi diote bere gertukoek Binkeri.
Iturri berak hedabide honi adierazitakoaren arabera, gaur 23:00etan egon behar du Basauriko espetxean berriz. Espetxe hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren eskumenean dago iazko irailetik; horrek bi gobernuen artean ekar dezaken eztabaidarekin.