Kike Amonarrizek bideo-mezua bidali die Galdakaoko euskaltzaleei, zapaturako deituz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Euskaltzaleen Topaguneak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Galdakaoko Udalak topaketa antolatuko dute zapatuan Gandasegin, herriko euskararen komunitatea saretzen hasteko helburuz. Kike Amonarrizek gidatuko du hitzordua eta honek bideo-mezua bidali die Galdakaoko euskaltzaileei, parte hartzeko deia eginez.
Euskararen komunitatea saretzen hasteko eta euskararen aldeko sustapenean jardungo duen egitura sortzeko helburuz, topaketa antolatuko dute Galdakaon zapatuan, maiatzak 13, Euskaltzaleen Topaguneak, Bagabiz Euskara Elkarteak eta Galdakaoko Udalak.
Gandasegiko areto nagusian izango da 11:00etatik 13:00etara eta Kike Amonarrizek gidatuko du saioa. Amonarriz berak bideo-mezua bidali die Galdakaoko euskaltzaleei, parte hartzeko deituz. «Gure asmoa Galdakaoko euskal komunitatea josten hastea da eta horretarako zure laguntza ere behar dugu. Guraso gaztea bazara, guraso heldua bazara, euskaltzalea bazara, gaiak interesatzen bazaitu, azaldu maiatzaren 13an Gandasegin», adierazi du bideoan.
Etorkizuneko lehentasunak zehaztu, estrategiak irudikatu eta iritziak jaso nahi dituzte topaketan eta horretarako egitarau hau prestatu dute:
- 11:00 Kike Amorarrizen eskutik, hitzaldia: ‘Galdakaoko egoera soziolinguistikoaz eta euskalgintza antolatzearen beharraz’
- 11:30 Bagabiz Euskara Elkartea: ‘Galdakaon egindako orain arteko ibilbidea eta egun dagoen beharra’
- 11:45 Partaideekin hausnarketa eta sorkuntza dinamika
- 12:45 Hurrengo urratsak eta bilera deialdia
- 13:00 Luntxa
Udalak ere parte hartzera animatu du: «Euskararen alde zerbait egiteko beharra sentitu duenak hemen du proeiktu kolektibo baten parte hartzeko aukera».