Kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Orain arte hamalau eraikuntza daude Galdakaon kultur ondare gisa babestuak. Kopurua hirurogeita zazpira igotzea adostu udalbatzak, abenduaren 23an izan zen urteko azken osoko bilkuran hartu zela erabakia.
Pasa den barikuan, abenduak 23, urteko azken osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak. Horretan hainbat gai uztartu ziren, haien artean suziri, bolandera eta suak arautzea; Eguzkibegi Ikastolari obren gaineko zergaren hobaria ezartzea eta familia ugariei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan hobariak eskaintzea. Halaber, herriko kultur ondarearen katalogoa berritzea adostu zuen udalbatzak.
Honen bitartez kultur ondare izanik babestu beharreko eraikuntzen zerrenda handituko da. Orain arte hamalau daude ondare gisa babestuta eta aurrerantzean hirurogeita zazpi izango dira.
Udalak jakinarazi duenez, aldaketak eragingo dien pertsona guztiei banan bana jakinaraziko zaie izendapena eta hogeita hamar eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko.
Heritarrek ere izango dute kultur katalogoan bilduko diren eraikuntzak ezagutzeko aukera, Torrezabalen antolatuko den erakusketa baten bitartez. Honetan zalantzak argitzeko tartea izango da.