«Langabezian zaude», Amaia Carregal
Amaia Carregal Aldanondo
BINKE / 2019ko azaroa
Langabezian zaude
Txikitatik entzun izan dugu gustuko dugun hori ikasteak garrantzi berezia daukala, etorkizunean gure lanbide izango den hura maitatuz gero, zoriontsuagoak izango garela. Ba ahal dugu gazteok, baina, hainbeste entzundako hori burutzeko aukera?
Urteak aurrera doaz eta ikasten jarraitzen duzu; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu duzu, Batxilergoa ere bukatu duzu dagoeneko, baita gustuko duzun gradua ere. Etorkizunaren eraikitze horretan zure denbora ez ezik, ingurukoen dirua ere gastatu duzu. Irakasle agiria esku artean duzu jada. «Ingeleseko eta euskarako agiriak bazenitu zure curriculuma osatzeko, hobe» bezalakoak etengabe entzun dituzu eta baita lortu ere. Zure esku dagoena egin duzu. Langabezian zaude. Gogo biziz zaude lanean hasteko, esperientzia berriak bizitzeko, hainbat gauza aldatu eta eraikitzeko.
Langabezian zaude. Zerrendetan sartu zara, curriculumak bota eta bota zabiltza eta itxaroten jarraitzen duzu, unea noiz helduko zain. Langabezian zaude. Irakaskuntzan curriculum aberats bat izateaz gain, beharrezkoak dira puntuak, hau da, lan esperientzia, horren ezean jai daukazu. Langabezian zaude.
Agian irakasle zarenerako langabezia emozionalak jan zaitu.