Lehenengo bideoklipa kaleratu du Kaserna talde galdakoztarrak
Musika
BINKE / 2021eko martxoa
Lehenengo bideoklipa kaleratu du Kaserna talde galdakoztarrak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: «Irailak 11» bideoklipetik
Kaserna talde galdakoztar gazteak bere lehenengo diska kaleratuko du martxoaren 17an. Baina aurretik bideoklipa argitaratu du gaur, aktoreen artean hainbat galdakoztar ere badirela.
Martxoaren 17an Kaserna talde galdakoztarrak bere lehenengo diska kaleratuko du, «Gelditu da denbora». Horren aurretik, ordea, rock eta hip-hop doinuak nahastearen emaitza duen «Irailak 11» lehenengo bideoklipa argitaratu dute gaur, martxoak 10.
Bideoklip eta kantu honen bitartez «inperialismoaren aurkako jarrera eta bestelako gizarte bat eratzeko aldarria» ekarri gura izan dute argitara. Bilbon grabatu zuten lana urtarrilean eta, taldekideez gain, hainbat galdakoztar ere baditu protagonista.
Ikus-entzunezkoari begira esan daiteke Kasernako taldekideak direla «herria», eta trajearekin jantzita ageri diren aktore-lagunak berriz, «boterea». Bada, azken hauek dira Ander Chamizo, Jon Olea eta Xabi Auñon galdakoztarrak eta Mirene González Galdakaon asko dabilen basauritarra.
Mr Pongo taldea atzean utzita, formatu aldaketatik eta estiloaren garapenetik jaio da Kaserna proiektu berria, Markel Fuentes (ahotsa), Iker Arana (gitarra), Urtzi Moreno (baxua), Beñat Armentia (teklatua), Mikel Fernandez (saxofoia), Bittor Meabe (bateria) eta DJ Kimosoundz kideek osatzen dutena.
Zazpikote honek rock eta hip-hop doinuak ekarriko ditu, batez ere, «Gelditu da denbora» lehenengo diskan baina ez dio reggae, funk edo elektronika doinuei muzin egingo.
Aipatutako lana martxoaren 17tik aurrera deskargatu ahal izango da taupaka.eus webgunean edo erosi webgune bereko Denda atalean. Lan osoaren grabaketa, nahasketa eta masterizazioa Gaua Estudioan egin zuten 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitarte, eta Taupaka elkartearen bitartez argitaratu dute Creative Commons lizentziapean.