Liztor asiarren kontrako kanpaina abiatu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Negua leku babestuetan hibernatzen igaro ondoren, liztor asiarra agertzen hasi da Galdakaon ere eta honen kontrako kanpaina martxan jarri du Udalak. Tranpak jarri ditu herrian zehar eta hauek ez ukitzeko eskatu die herritarrei.
Beste hainbat intsektu bezala, leku babestuetan igarotzen dute negua liztor asiarrek eta honen ondoren ateratzen hasten dira hauen erreginak, habiak egiteko. Epela areagotu eta udara hurbiltzean, ezti-erleak harrapatzen dituzte liztor asiarrek, bertoko erleen biziraupena arriskuan jarriz.
Giza osasuna ez dute arriskuan jartzen liztor horiek, baina biodibertsitatearentzat bai mehatxua izan daiteke. Horregatik, intsektu hauen kontrako kanpaina martxan jarri du Galdakaoko Udalak. Biosec ekosistemen zerbitzu enpresarekin. Zehazki, liztor asiar erreginen aurkako tranpak jartzen ari da herrian zehar.
Iaz baino tranpa gehiago jarriko dituzte eta guztira 65 egongo dira, bereziki gune hauetan zehar banatuta: Erletxeko poligonoa, Askarri bidea, Elexalde auzoa (hilerria, Andramari Lanbide Heziketa, futbol zelaia…), Errekalde bidea, Belategi Bidea, Usargoiti bidea, presarako bidea, Ergoien bidea eta Bengoetxe BHI.
«Bereziki garrantzitsua da liztor asiar erreginak hibernaziotik ateratzen direnean harrapatzea, ondorengo ziklo guztia saihestu edo murrizteko», azaldu dute Udaletik, herritarrei tranpak ez ukitzeko eskatuz.
Bestetik, liztor asiarren habiak ikusi ezkero, Udaltzaingora deitzeko eskaera egin du Udalak. «Deiak jasotakoan, habiak aztertu eta kentzeko protokoloa abiatuko du Udaltzaingoak», adierazi du.