Ohiko iragarle diren merkatariei publizitatea doan jarriko die Binkek, paperean zein webgunean
Herriko merkataritza bultzatzeko neurria
BINKE / 2020ko maiatza
Ohiko iragarle diren merkatariei publizitatea doan jarriko die Binkek, paperean zein webgunean
TESTUA: Binkeren Batzorde Orokorra
Osasun Krisiak gure herrietako merkatari gehienak ateak ixtera behar ditu, eta horren aurrean Binkeren Batzorde Orokorrak ohiko iragarle diren komertzio txikien iragarkiak argitaratzen jarraitu bai, baina martxotik aurrerakoak ez kobratzea erabaki du. Gainera, webgunea martxan jarri berritan, bertako bannerrak ere doan jarriko dizkie merkatari hauei.
Osasun Krisi hau krisi ekonomiko bihurtuko zenaren zalantzarik inork ez zuen, eta orain, zerbitzu, ostalaritza eta merkatari askok ateak pixkanaka eta segurtasun neurri zorrotzen menpe zabaldu behar dituzten honetan, are gehiago konturatzen ari gara gertuko merkataritzaren garrantziaz. Zenbat galdu dugun eurek gabe… eta zenbat behar ditugun, eta zenbat behar gaituzten.
Erakuslehioek ez diote bakarrik kaleari argi eta kolorea eskaintzen, segurtasuna, zergak biltzea, lanpostuak sortzea eta gure herrikide merkatariek soldata duin bat izatea dakar merkataritza biziak. Eta azken hiru arrazoi horiek, gainera, gure gizartearen ekonomia bizirik egotea dakar. Horregatik, inoiz baino gehiago, herrian kontsumitzeko garrantzia ere azpimarratu gura du Binkek.
Ordea, Binke ez da herrian kontsumitzearen garrantzia azpimarratzearekin bakarrik konformatuko, herriko merkataritza eta langileak bere esparrutik laguntzeko ekarpentxoa egin gura duelako.
Binkek, beste edozein komunikabidek bezala, bere iragarkiak ditu biziraun ahal izateko. Horietako gehienak, Galdakaoko eta Usansoloko merkatarien denda edo tabernak iragartzen dituzten publizitate moduluak dira. Batzuek tarteka jartzen dute beraien iragarkia gure orrialdeetan. Baina beste batzuek, hilero edo bi hilerik behin Binkeren aldeko apustua egiten dute euren enpresa txikiaren berri emateko.
Orain, Binkeri ere badagokio euren aldeko apustua egitea. Horregatik, martxotik aurrera aldizkarian bertan argitaratu —eta argitaratuko— diren iragarkiak ez zaizkie iragarleei kobratuko, baina ezta beranduago ere. Merkatariekin adostutako maiztasunean argitaratuko dira aipatutako iragarkiok, baina ezer kobratu gabe.
Bannerak ere, doan. Dagoeneko askok jakingo duen legez, irakurleengana heltzeko bide berria ireki du Binkek: webgunea. Bada, txoko birtual honetatik ere egin gura du merkatarien aldeko apustua proiektuak.
Horrela ba, Naiara Pérez de Villarreal eta Jabi Rojo adituekin sortutako borondatezko talde-lanean, ohiko iragarle diren merkatariei doako zerbitzu hau eskaini eta euren dendaren banner pertsonalizatuak ere egingo zaizkie, gero horiek dendariek nahi duten sare sozial edo webgunera lotuta egongo direlarik.
Bakoitzak bere esparrutik ekarpen txikia eginda, tantaz tanta, gure herrietako merkataritza zipriztintzea lortuko dugu, herri biziak eta kolorez beteak izan ditzagun ahalik eta lasterren.
Ez utzi zure herria hiltzen, kontsumitu bertan.