Oier Ibarretxe galdakoztarrak Munduko Boxeo Txapelketan parte hartuko du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oier Ibarretxek bidalitakoak
Espainiako Boxeo Federazioak Munduko Txapelketan parte hartuko duten kirolarien zerrenda ezagutzera eman du. Lehiaketa apirilaren 30etik maiatzaren 14ra bitarte antolatuko da Uzbekistanen eta honetan Oier Ibarretxe galdakoztarrak parte hartuko du.
Espainiako Boxeo Absolutuko Txapelketa irabazi zuen Oier Ibarretxe galdakoztarrak iazko ekainean, Binkek jaso zuen moduan. Ordutik, emaitza onak lortzen jarraitu du eta hamar egun barru Munduko Elite Boxeo Txapelketan parte hartuko du.
Lehiaketa apirilaren 30etik maiatzaren 14ra antolatuko da Uzbekistanen. Lehenengo borrokaldiak maiatzaren 1ean izango dira, eta bi saio jokatuko dira final-laurdenetara arte. Finalerdiak 12an izango dira, eta 13an eta 14an finalak.
Txapelketak hamahiru pisu maila izango ditu eta Espainiako Boxeo Federakuntzaren hamaika kirolarik parte hartuko dutela iragarri dute federakuntzatik. Ibarretxek 63,5 kilogramotako mailan lehiatuko du.