Oinarin Dantzari Taldeak 25. urteurrena ospatuko du maiatzean
Kultura
BINKE / 2022ko martxoa
Oinarin Dantzari Taldeak 25. urteurrena ospatuko du maiatzean
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Oinarin Dantzari Taldea
Usansoloko Oinarin Dantzari Taldeak 25 urte beteko ditu ikasturte honetan eta ospatzeko ekitaldi berezia antolatzen ari da maiatzaren 21eko astebururako. Horretarako deialdia zabaldu dute.
Urteurrena ospatzeko jaia antolatzen ari dira Oinarin Dantzari Taldeko kideak, eta oraindik maiatzaren 21eko programa itxita ez dagoen arren, helburu printzipala dantzari ohiak eta oraingo dantzariak elkartzea da, eta denok batera dantza ikuskizun bat eskaintzea.
Horretarako, deialdia zabaldu dute, dantzari ohiak animatu daitezen eta ospakizun honetan parte hartu dezaten. Apirilaren 8ra arte zehaztu da izena emateko epea, aipatutako maiatzeko asteburuaren aurretik talde osoak entseguak egiteko denbora izateko.
Izena emateko
Non: entsegu lokalean —haurreskola ondoan—.
Noiz: martitzenetan (19:30 – 21:00) eta barikuetan (18:00 – 19:00).
Izena emateko azken eguna apirilak 8.
Horrez gain, urteurrenaren antolatzaileek Binkeri adierazi diotenez, «asmoa egun osoan giroa sortzeko programa antolatzea da». Goizean zehar kalejira eta dantza ekitaldiaz gain, trikipoteoa eta bazkalosterako ekintzak ere antolatu gura dituzte.