
Pedro Mari Aizarna izendatu dute Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente berria
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oskar Matxin Edesa / Foku
Ganguren Mendi Taldearen presidente izandako Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente berria izendatu zuten barikuan. Aizarnaren erronketako bat «federazioan ahalik eta euskara gehien sartzea izango da».
Zeanurin jaio zen Pedro Mari Aizarna baina 25 urterekin Galdakaora etorri zen bizitzera, ezkondu eta gero. Gaztetan ohitura zuen meza nagusiaren ostean ogitartekoa hartu eta mendira igotzeko eta orduan hasi zen mendiarekiko duen zaletasuna.
Ganguren Mendi Talde galdakoztarreko presidente izan zen 2020tik 2024ra arte eta kargua utzi eta gero bizitza «lasaitasunez» hartzeko asmoa bazuen ere, erronka berri batean murgildu da Aizarna. Barikuan, otsailak 28, Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente izendatu zuten.
Aizarnak Berria hedabideari eskainitako elkarrizketa batean adierazitakoaren arabera, kargua hartu eta gero, federazioa zertan dagoen ikusi nahi du lehenengo: Bizkaian dauden 108 mendi taldeakaz hartu-emanetan egon nahi dut: zer beharrizan dituzten ikusi, zer falta zaien, federazioak zertan lagundu dezakeen… Elkarren arteko hartu-eman hori sendotzea izango da nire lehentasuna».
Federazioan ahalik eta euskara gehien sartzea izango da ere Aizarnaren erronketako bat, eta baita emakumeak erdigunean jartzea. Halaber, gazteak erakarri nahi ditu mendira, eta horretarako «irteera interesgarriak prestatu behar dira: Pirinioetara, asteburupasak, ospea duten mendietara…».