Saskibaloiko Euskal Kopa bertan behera utzi zen atzo, eta dirua itzuliko du Udalak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Surne Bilbao Basket
ACB ligaren Euskal Kopa bertan behera geratu zen atzo Surne Bilbao Basket eta Saski Baskoniaren artean, kiroldegiko kondentsazio arazoen ondorioz. Bertaratutako saskibaloi zaleei sarreren dirua nola itzuli aztertzen ari da orain Galdakaoko Udala.
Atzo zen jokatzekoa, bigarren urtez, saskibaloiaren Euskal Kopa Galdakaoko Urreta kiroldegian. Dena prest zegoen ACB ligako Surne Bilbao Basket eta Saski Baskoniaren artekoaz gozatzeko, baita publikoa ere. Baina Galdakaoko Udalak kaleratutako oharraren arabera, «bero handiak eragindako kondentsazioak jokalekuko lurra bustitzen zuen, zorua labainkor zegoen oso, eta horrek jokalarien lesio arriskua zekarren».
Ondorioz, Euskal Kopako antolaketan inplikatuta zeuden alde guztiek aho batez erabaki zuten norgehiagoka bertan behera uztea. Eta zentzu horretan, Udalak eskerrak eman dizkie horiei, hitzez hitz:
«Hartu behar izan zen erabakiagatik pena agertzearekin batera, publikoak erakutsi zuen jarrera on eta ulerkorra eskertu nahi du Udalak. Baita Euskal Saskibaloi Federazioak, Surne Bilbao Basketek eta Saski Baskoniak erakutsitako elkarlana, eta bereziki, Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldeak egindako lan itzela. Eskerrik asko guztiei».
Udala, bere aldetik, zaleek sarrerengatik ordaindutako dirua nola itzuli aztertzen ari da eta «modua antolatzen denean» eman du horren berri.
Gainera, atzoko ezbeharrarekin lotuta, herriko erakundeak ohar berean gogorarazi du «Urretako kiroldegia handitzeko lanak aurreikusita daudela». «Datorren urtean hasiko dira, eta, horien barruan, aurreikusita dago kantxan aireztapen natural sistema jartzea», zehaztu du Galdakaoko Udalak.