Hezkuntza sexuala
BINKE / 2022ko apirila

Sexuaz hitz egin dezagun

TESTUA: Leire Regadas Callejo

Naturala bezain tabua jarraitzen du izaten sexuak. Haur eta nerabeek klik batean dute interneteko mundu amaiezina, beraien galdera sorten erantzuna jasotzeko bide bakarra, askotan. Pornografia izaten da maiz eduki sexualarekin duten lehen kontaktua; bataz besteko adina zortzi urtekoa izanik. Gai hau sakonean landu gura izan du Binkek, azken asteotan Galdakaoko Topaguneek eta Mairi Emakume Feminista Batzak antolatutako tailer eta hitzaldiak aitzakia hartuta.

Txiki-txikitatik dute haurrek bizitzaren esparru askori buruzko jakin-mina, baita familiek tabu gisa hartzen dituztenei buruzkoa ere. Seme-alabekin sexualitateaz hitz egitea pentsaezina da oraindik guraso batzuentzat. Gai horiei buruz familiek duten okultismoa dela eta, beste nonbaitera jotzen dute informazio bila eta pornoa aurkitzen dute azkenean. Pornografia bilakatzen da, beraz, beraien informazio iturri nagusia.

Datuak esanguratsuak dira. Espainiar estatu mailan 6 eta 12 urte bitarteko haurren %63k kontsumitu du pornoa, Save The Childrenek kaleratutako txosten baten arabera. Erakundeak nabarmentzen duenez, horrek eragina izan dezake haurren sexualitatearen pertzepzioan, ez baitute pentsamendu kritikoa garatu oraindik eta beraz, ez dakite bereizten zer den erreala eta zer den fikzioa.

«Sexua koitora murrizten jarraitzen dugu eta hori da arazoa», dio Mikel Oribe Bizigay elkarteko presidenteak. «Gurasoek uste dute haurrak ez daudenez koitoa egiteko adinean, ez zaiela gaia interesatzen eta hori guztiz okerra da», nabarmendu du. Sexualitatea koitoa baino askoz ere gauza gehiago dela azpimarratu du adituak, eta argi eta garbi dio: «Jaiotzetik hil arteko prozesuan horri buruz hitz egin behar da».

Tabuak hautsi. Idoia Esteban Galdakaoko Topaguneko arduradunak azaldu duenez, hiru tailer izan dituzte martxan azken hilabeteotan gazteekin sexualitatearen, plazerraren eta harremanen inguruko lanketa egiteko. Sexuaz hitz egiterako orduan, eta batez ere nesken aldetik, «oraindik tabu asko dagoela» antzeman dute. Gazteek tailer horietan esan dutenez, etxean ez da gaia lantzen eta ikastetxeetan puntualki eta era ez erakargarrian. «Gazteen erara moldatu beharra» azpimarratu dio Estebanek Binkeri.

Ikastetxeetan ematen ditu sexu heziketa eta aniztasun tailerrak Oribek. Dioenez, «parakaidista hutsak» dira. Bere aburuz, «benetako hezkuntza, egunerokoa, gurasoek egin behar dute». Formakuntza hankaz gora jarri beharra aldarrikatu du; gurasoekin egin beharko litzateke lehen esku-hartzea, gero irakasleekin eta azkenik, «behar izatekotan», ikasleekin. Naturaltasuna da haur eta nerabeekin sexuaz hitz egiteko gakoa. «Guk ez dugu taburik transmititzen, ez dugu ezagutza mugatzen, hizkuntza eta azalpenak moldatzen ditugu», adierazi du, eta galdera bat bota du: «Nola hitz egin haurrekin masturbazioaz edota sexu berekoen arteko harremanez, gurasoak urduri jartzen baldin badira gai horiekin?».

Helduek tabuak proiektatzen dituztela dio Oribek; adin egokia ez dutela edo horretaz hitz egitea desegokia dela pentsatuz. Gainera, umeei txikitatik behin eta berriro errepikatzen zaizkien esaldiek uste baino indar handiagoa izan dezakete gerora sexuaren pertzepzioan: «Hori ez da egiten, kendu eskua hortik, hankak zarratu…». Oribek beste elementu bat aipatu du; umeentzat haien gurasoak ez direla «bikote». Gurasoak ere izaki sexutuak direla eta elkar maite dutela, musukatzen dutela… erakustea gomendatzen du sexologoak gaia normaltasunez hartzen ikas dezaten.

Pornoa irakasle. Egun, ordea, errealitate horretatik urrun gaude oraindik. «Pornografia eredu bezala erabiltzen ari dira haurrak eta hori da arazo nagusia», dio Ane Ortiz sexologoak. Mairi Galdakaoko Emakume Feminista Batzak gonbidatuta, «Pornoa deseraikitzen» tailerra eskaini zuen herrian. Dioenez, pornografia hegemonikoan agertzen diren gorputzak eredu edo normatibitate gisa ulertzen dituzte haur eta nerabeek. Ez hori bakarrik, praktikak ere hartzen dituzte eredu; «Estatu mailan gehien bilatu diren hitzak eta ikasleen galderek kointziditzen dute», baieztatzen du Ortizek esperientziak eman dion ikuspegitik.

Thomas Parken argazkia, gazte bat pornografia kontsumitzen.

«Fikzioa dela adieraztea da gakoa», dio Oribek, «aktoreak direla, gidoi bat dutela, trikimailuak daudela…». Bestela, disoziazio bat eman daitekeela ohartarazi du, fikzioa errealitatetzat hartuta, bakoitzaren gorputza ez baita ezagutzen. Dioenez, porno ia guztia, salbuespenak kenduta, gizonek egiten dute gizonek kontsumitzeko. «Emakumeen exitazio prozesua azkarra izatea nahi dute, gizonezkoena bezala; baina emakumeen sexualitatea motelagoa da, konplexuagoa», azaldu du sexologoak. Hori, baina, ez da pornoan islatzen.

Zer suposatzen du honek? Alde batetik, emakumeon plazerra alde batera geratzen dela. Bestetik, «harremanetan oinarrizkoak diren elementuak» ez direla agertzen. Besteak beste, komunikazioa, afektua eta aniztasuna ez dira islatzen. Gainera, sexu praktika ez-seguruak bultzatu ditzake —babesik gabeko sexua, ziberjazarpena…— errealistak ez diren espektatibak sortu eta oro har, emakumeak objektu sexual gisa irudikatzea. Jone Galindez Hego Uribeko Itaiako kideak, gainera, pornografiaren eta indarkeriaren arteko lotura salatu du; «biolentzia normalizatzen» dutela uste du, jazarpena edota sexu abusuak kasu.

Klitoria, ezezagun hori. Hezkuntza alorrean, HHn eta DBHko testu liburuetan ez da klitoria agertzen, desagertu da. Ugalketa prozesua irakasteko aitzakiarekin, gozamenaz ez da hitz egiten ikastetxeetan. Txanela da Euskal Herrian klitoria aipatzen duen testu-liburu bakarra. «Aluaren inguruan ez da hitz egiten; gurasoei ere ez zaie okurritzen alabei ispilutxo bat hartu eta alua ikus dezaten esatea», kexu da Oribe.

Pornoa ardatz duen eta emakumearen gozamena alde batera uzten duen heziketa sexualaren testuinguruan, mutilek euren sexualitate guztia zakilera murriztea eta neskek euren existazio prozesua ez identifikatzea ekarri duela nabarmendu du Oribek.

Oskar Gonzálezek Deiarako Mikel Oriberi ateratako argazkia, 3Dko klitoriak eskuan.

Orgasmo arrakala. «Patriarkatuak eragin oso handia du sexu harremanetan, emakumeen plazerera iristeko modua baldintzatzeraino», salatzen du Paola Damonti ikertzaile eta aktibistak La brecha orgásmica —Orgasmo arrakala— liburuan. Datuen arabera, sexua duten hamar emakumetik bik ia inoiz ez dute orgasmorik. Eta beste datu bat: lau emakumetik hiruk, %75ak, ez dute beti orgasmoa izaten haien sexu harremanetan. Damontik azaltzen duenez, «arrakala ikaragarria da heterosexualen artean, baina ia desagertu da bereziki lesbianen artean».

Honen atzean «emakumeak beste batzuentzako izaki gisa eraikitzen» direla nabarmentzen du Damontik. Hau da, emakumeek bestearen plazerari norberaren plazerari baino garrantzi handiagoa ematen diotela harreman heterosexualetan. Emakume gehienek koitoaren bitartez orgasmorik ez duten bitartean, «praktika erregina gisa saltzen» jarraitzen dela seinalatzen du Damontik liburuan.

Koitozentrsimoa. «Sexua genitaletara murrizten jarraitzen dugu», laburbiltzen du Oribek. Are gehiago, lehenengo koitoa «oso garrantzitsua» dela eta gainera emakumeentzat «mingarria» izan daitekeenaren mezua zabaltzen dela salatu du sexologoak: «Dena aldrebes egiten ari gara». Guraso askok ere pentsatzen jarraitzen dute sexualitatea zakilera murrizten dela, horregatik seme-alabak nerabetasunera heltzen direnean «urduritzen hasten» direla dio Oribek, «koitoa dutelako eredu bezala buruan». Urduritasun horren atzean sexualitatea «arrisku» bezala ikusten dela aipatu du adituak, besteak beste, haurdunaldiak eta gaixotasun posibleen ideiak gailentzen direlako. Ordez, landu beharreko «balio» bezala aldarrikatzen du sexualitatea berak; eta aniztasunaren garrantzia aipatu du; heterosexualitatetik haratago mundu bat ere badagoela, alegia, LGTBIQ+ kolektiboa.

Sexualitatea eta pertsonalitatearen arteko konparaketa egiten du Oribek; bakoitzak berea du eta bakoitzak deskubritu behar ditu bere erritmoak, gustuak eta desioak. «Gurasoek hori ulertuko balute, txiki-txikitatik irakatsiko zieten haurrei», uste du. Baina egoera honakoa da: gelan gazteek diote gurasoei ez dizkietela galderak egiten «inoiz ez dutelako honetaz hitz egiten»; ordea, gurasoek ez dira mintzatzen «seme-alabek ez dutelako galdetzen». Gurpil zoroa.

Gauza batengatik ala bestearengandik etxean sexualitateaz hitz egiten ez denean, pornoa bilakatzen da batzuetan sexu heziketaren ardatza. Gurasoak konturatzerako hasten dira komeriak; «Eta orain zer egin beharko nuke?», «Pornoa ikustea debekatzea da bidea?», bezalako galderak suertatu daitezke. «Momentu horri itxaroten baldin badugu, berandu goaz», dio Ortizek. Kalitatezko sexu hezkuntza txikitatik hasi behar dela goraipatu du: «Gorputza, izaera eta emozioak ezagutzen joan behar gara hazi bitartean; gure gorputzarekiko onarpena izateko eta gure desirak —nahi duguna eta ez duguna nahi— azaltzeko gaitasuna landu behar da kontzientzia kritikoarekin batera».

Hipersexualizazioa. Pornografiak soilik ez, zinemak, serieek, bideoklipek, komunikabideek eta sare sozialek «emakumea objektu sexual bezala» erreproduzitzen duen «kultura hipersexualizatua» dugula salatu du Jone Galindez Hego Uribeko Itaiako kideak. Horrez gain, plataforma digitalen nagusitasunak «emakumeen aurkako indarkeria forma berrien garatzea» ekarri duela nabarmendu du. Adibide gisa jarri du gorputzaren gaineko obsesioaren areagotzea, Instagram eta TikTok bezalako sare sozialek indartuta.

Azken hiru urteetan, konfinamendua tarteko, medikuntza estetikoko tratamenduen eta kirurgia plastikoko ebakuntzen eskaera nabarmen handitu da. Sare sozialetako filtrodun selfien antza hartu nahi dute emakume askok eta askok. Estereotipoak betetzeko desioak «emakume langileon osasun mentala zapaltzen» duela nabarmendu du Galindezek; hala nola depresioa edota elikadura nahasmenduak sortuz.

OnlyFans bezalako plataformen bitartez «gorputza errentabilizatzea» ahalduntzearen eta feminismoaren izenean egitearekin ez dago ados Itaiako kidea. Galidezek azaldu duenez, «bakoitzak bere exitoa gorputzaren bitartez errentabilizatzearen atzean ikuspegi indibidualista dago»; emakumearen «objektu sexualaren irudikeria indartzen» den hein berean.

Film eta serieak. Ikus-entzunezkoetan, dena den, badira salbuespenak ere. Netflix plataformak 2019. urtean kaleratu zuen Sex Education seriea, kasu. Otis izeneko mutikoa da protagonista, ama terapeuta sexuala duen nerabea. Maeve bere lagunarekin sexu-kontsultak egiten hasten dira eskolako komunetan eta arrakasta handia lortzen du ekimenak. Ikasleek beraien identitate sexuala deskubritzen ari direnean duten informazio falta nabarmena uzten du agerian, eta ikuslea erraz identifikatu daiteke protagonisten arazoekin. Abortua, sexu-jazarpena, sexu-orientazioa, genero identitatea, sexu indarkeria eta familia anitzen errealitateak ekartzen ditu lehen lerrora Netflixen ekoizpenak.

Netflix plataformako Sex Education telesaila.

Erreportaje honekin lotuta…