«Street workout»-a bultzatzeko Kalistenia jardunaldia antolatuko da
Kirola
BINKE / 2022ko ekaina
«Street workout»-a bultzatzeko Kalistenia jardunaldia antolatuko da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Street workouta sustatu nahian, Kalisteniako doako jardunaldia antolatu du Udalak 12 urtetik gorakoentzat uztailaren 2an. Oinarrizko ezagutzak lantzeaz gain, kirol hauetan emakumeen presentzia areagotzea du helburu. Hemen parte hartzeko jakin beharrekoak!
Galdakaoko Udalak, Kalisteniako doako jardunaldia antolatuko du Plazakoetxeko parkean datorren zapatuan, uztailak 2, street workout ekintzen filosofia eta oinarriak zuzenean ezagutzeko helburuarekin eta «era guztietako» pertsonen parte hartzea sustatu nahian.
Prestatutako jarduerak galdakoztarrak animatu gura ditu kirol honetan murgiltzera, profesionalak izango baitira bertan zapatuan lehenengo pausoak eta oinarrizko ezagutzak lantzen. Gainera, kirol hau praktikatzen denbora luzez daramatzaten pertsonak egongo dira, interesatuta daudenek edozein zalatza argitzeko eta elkarrekin Kalisteniari buruzko ikusmoldeak zabaltzeko.
Aipatu beharrekoa da, helburuetariko bat emakumeen arreta deitzea dela, street workout munduan sartzera gehiago animatu daitezen. Horretarako, jardunaldi parekidea antolatuko dute, talde mistoak sortuz.
Bi orduko bi txandatan banatuko dira parte hartzaileak: hasiberriak —12 urtetatik aurrera— 10:00etan eta aurreratuak —16 urtetik aurrera— 12:00etan. Ekimeneko material guztiaz, langilez eta atsedenetarako beharrezko janari eta edariaz Udala arduratuko da.
Jardunaldi hau 12 urtetik gorakoentzako dago antolatuta, eta aldez aurretik eman beharko da izena, Udalak eskuragarri jarritako galdetegi honetan. Izena ematen dutenekin datu base bat sortuko du Galdakaoko Udalak antzeko jardueren jarraipena egin ahal izateko.