Suhiltzaileek erlauntz bat kendu behar izan dute Gaztain kalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Gaizka Uriarte eta Kerren jatetxea
Galdakaoko Gaztain kaleko zuhaitz batean agertu den erlauntz bat kendu behar izan dute gaur goizean suhiltzaileek. Bertoko espezie babestu bateko erleak ziren eta horregatik kutxa batean bildu behar izan dituzte.
Galdakaoko Gaztain kalean erlauntz bat agertu da gaur goizean zuhaitz batean eta suhiltzaileak bertaratu behar izan dira kentzeko. Zehazki, Kerren jatetxearen eta Xabier harategiaren artean kokatzen den zuhaitz batean zegoen erlauntza.
Joseba Uranga eta Aratz Etxabe suhiltzaile galdakoztarrak bertaratu dira Gaztain kalera eta kutxa batekin kendu behar izan dituzte erleak, izan ere, espezie babestu batekoak ziren.
Hasieran liztor asiatikoak zirela pentsatzen zuten baina suhiltzaileek erlauntza ikustean erle autoktonoak zirela zehaztu dute.