‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ hitzaldia hartuko du Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Wikiloc
Galdakaok hitzaldi bi hartuko ditu Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Lehenengoa bihar izango da, ‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ izenpean, Juanjo Olaizolaren eskutik.
Ikasturte berriarekin batera, berriz jarriko ditu martxan Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatzen dituen ekintzak eta hauetako bi Galdakaon izango dira. Zehazki, hitzaldi bi antolatuko ditu Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
Bideak, bideek sortutako harreman eta loturak eta garraioen bilakaera izango dira hizpide saio hauetan eta lehenengoa bihar, urriak 3, izango da Torrezabal Kultur Etxean 19:00etan.
‘Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa’ izenpean, Juanjo Olaizolak eskainiko du saioa. Tren eta tranbietan aditu den historialaria Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz arituko da, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte.
«Historia horretan, funtsezkoa izan da 1882an inauguratu zen Bilbotik Durangorako trenbidea, Euskadiko bide estu eta zerbitzu komertzialeko lehena, bai eta Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia ere, 1902an martxan jarri zena. Azken hori duela 60 urte desagertu zen arren, trena Galdakaoko komunikazioen bizkarrezurra izango da», azaldu dute Galdakaoko Udaletik.
Jardunaldietan proposatutako gaia herritarrekin hausnarketa bat partekatzeko ere baliatu nahi izan du Udalak: «Erabil ditzagun herri barruko bideak oinez mugitzeko. Kotxeak alboratu eta leku batetik bestera oinez mugitzeak ingurumena zaintzen lagunduko digu, osasunez bizitzen eta herritarrekin harremantzen».
Bizi Galdakao Oinez leloa duen mapa sortuko du Udalak, herriko auzo eta gune desberdinen arteko distantziak adierazita. Batetik bestera oinez behar den denbora ere adieraziko du eta erakutsiko du «herriko leku gehienetara joateko 15 minutu baino gutxiago behar direla».