Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek hamahiru eguneko greba hasi dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Osakidetzaren «inmobilismoaren» aurrean, euren soldata lehen arretarekin parekatzea eskatzen jarraitzen dute Usansoloko ospitaleko TGEEZko langileek. Gaur hamahiru eguneko greba hasi dute, gehiengo sindikalak deituta.
Usansoloko ospitalean kokatuta dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak arduratzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoko odol- eta ehun-horniketaz. Euren soldata ordea ez da Osakidetzan lehenengo arretan dauden langileen kopurura iristen.
Horregatik mobilizazioak eta grebak egiten ari dira tarteka eta Binkek jaso zuen moduan, hamahiru eguneko greba egiteko deia egin dute gaurtik aurrera. Gehiengo sindikalak adierazi duenez, gatazkari irtenbide negoziatua ematea eskatzen diote Osakidetzari.
«Osakidetzak salatu du sindikatuak ez direla etorri mahai sektorialera, baina hauek uko egin diote aurkezteari non eta egungo hainbat gatazka eguneko gai-zerrendan agertzen ez diren, besteak beste, gurea. Hala ere, langileok Osakidetza bera deitu genuen bilera batera LHKn, baina ez ziren agertu», salatu dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek.
«Osakidetzak gatazka konpontzeari uko egin dionez, grebara itzuliko gara!», adierazi dute.