Txomin Bustinzak minbiziaren aurkako elkarteari eman dio jaiotzari esker lortutako dirua
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Txomin Bustinza galdakoztarrak urte askotan osatutako jaiotza ikusgai izan da Gabonetan zehar bere etxeko tailerrean. Urtero moduan minbiziaren aurkako Bizkaiko elkarteari eman dio bere lanarekin lortutako dirua. Guztira 3.876,54 euro jaso ditu aurten, inoiz baino gehiago.
Urtero jartzen du herritarrentzat ikusgai urte askotan «mimo handiz» sortutako Gabonetako jaiotza Txomin Buztinza galdakoztarrak. Aurten bere etxeko tailerrean du erakusgai Gabonetan zehar, Zabalea kalearen 69. zenbakian.
Bustinzak ez du sarrerarik kobratzen baina baina borondatea jasotzen du, minbiziaren aurkako Bizkaiko elkarteari ematen dion borondatea. Atzo zabaldu zituzten ontziak eta lortutako dirua batu zuten eta inoiz baino gehiago eskuratu dela jakinarazi du Galdakaoko Udalak: 3.876,54 euro.
Minbiziaren kontrako Bizkaiko elkarteko presidente Mila Gullon eta presidenteorde Jose Miguel Mera Bustinzaren etxera joan ziren dirua zenbatzeko, baita Amets Iturbe eta Monika Bailon Galdakaoko zinegotziak ere.
Elkarteko kideek galdakoztarraren urteroko «keinu eskuzabala» eskertzeko oroigarria eman zioten Bustinzari.